Lana buruhauste goren

Espetxetik atera ostean lana topatzea oso zaila egiten zaie askori, baina gizartean kokatzeko eta beren buruekin ondo sentitzeko behar-beharrezkoa dute.

Oihana Elduaien Uranga.
Zarautz
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kartzelan egoteak bere ondorioak ditu lana bilatzerako orduan. Oso zaila daukazu». Lanbiden entzun zuen hori espetxetik atera berri zen neskak. Ikasketak baditu, baina esperientziarik ez. Espetxera sartu aurretik egin zituen ikasketak, eta curriculuma ikusitakoan hala esan zion Lanbidekoak: «Non egon zara, ordea, urte hauetan guztietan?», denbora alferrik galtzen aritu zela aurpegiratuz bezala. «Espetxean egon naiz».

Nabaritu zituen ondorioak. Kostatu zitzaion lana aurkitzea, eta Harrera Taldearen laguntzaz topatu du. Orain badauka, eta enpresarentzako arazo ez izateko, anonimoki hitz egitea nahiago du. Preso egoteaz gain, beste arazo batekin ere egin zuen topo: «Inhabilitazioa jartzen digute askori, eta espetxetik ateratakoan ezin dugu lanpostu publikoetan aritu. Horrek ate asko ixten ditu».

Lana topatzerako orduan ez dute ezkutatzen preso egon direla, baina ez dute esaten, beharrezkoa ez bada. Honako esperientziahau kontatu du beste preso ohi batek: «Bost preso ohi joan ginen lanpostu baterako test bat egitera. 'Egon al zara inoiz preso?' zioen galdera batek. Nik gezurra esan, eta ezetz jarri nuen. Beste laurek zintzo izan eta egia jarri zuten. Ni izan nintzen lana eman zidaten bakarra, curriculumak antzekoak ziren arren».

Ezinbestekoa dute lana, behar dute. Elkartearen laguntzarekin lana topatu zuen arte etxean gaizki sentitzen zela dio beste preso ohi batek. «Lana bilatu arteko espazio hori gaindiezinezko amildegia da. Bai, emazteak lana egiten du eta zortea duzu, baina denbora aurrera doa, eta zuk baliagarri sentitu nahi duzu. Borrokan egon zara, espetxean egon zara, eta orain ere nahi duzu zeuk ere ekarpena egin. Familia badago, laguntza badaukazu, baina zuk zeuk aurrera egitea nahi duzu. Lanak konfiantza ematen dizu zeuregan, eta irekitzen laguntzen dizu».

Zaila da, ofiziorik ez dutelako ikasita. Askok ikasketan egin dituzte espetxean, baina esperientziarik gabe balio gutxi dauka horrek. «Oreka da soldata lortzea, Autonomia, independentzia... oreka azken batean. Oso oso garrantzitsua da hori berriz gizartean kokatzeko. Espetxean 10-15 urte pasatu ostean atera eta etxean egotea... Psikologikoki lehertu egiten zaitu horek. Txikitu».

Guztiek diote lanak konfiantza ematen diela, beren burua gehiago baloratzen laguntzen diela, «arraroak» ez sentitzen. «Etorkizuna ikusten hasten zara».

Harrera Taldeari oso eskertuta daude. Asko lagundu diete, eta babestuta sentitu dira. «Lagunak eta familia hor daude, baina ezin diezu edozer gauza galdetu». Familiak eta lagunek ere ez baitakite dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.