Bilboko Metroko langile batzordeak esan du orain arteko lanuzte «arrakastatsuena» izan zela atzo goizean egin zutena. ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK sindikatuek deituta, 05:45etik 07:45era egin zuten greba metroan. Batzordearen arabera,langileen %90ek erantzun zioten deialdiari; geltokietako langileen %85ek eta gidarien %95ek. Gutxieneko zerbitzua eskaini zutenez gain, gidari batek egin zuen lana. Bestelako datuak eman ditu Bilboko Metroko zuzendaritzak. Adierazi dutenez, lanuztea langileen %13k bakarrik egin zuten: 740 langileetatik 101ek.
Sindikatuak enpresako zuzendaritzarekin astelehenean bilduko dira, lan gatazka konpontzeko akordio bat lortzeko asmoz. Hurrengo astean ere beste hainbat bilera egingo dituzte sindikatuek; Txema Oleaga metroko presidentearekin hitz egingo dute asteartean, eta Itziar Garamendi Bizkaiko Garraio diputatuarekin ere bilduko dira — eguna ez dute zehaztu oraindik—.
Langile batzordeak bileren ondoren erabakiko du otsailerako mobilizazioak antolatzen hasi edo ez. Bitartean, bere hartan jarraitzen dute urtarrilaren 19 eta 26rako lanuzte deialdiek. Hilaren 19rako, manifestazioa ere iragarri dute; Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da. Bestalde, asteartean elkarretaratze bat egingo dute Bizkaiko Batzar Nagusietan. Alderdi politiko guztiei langileek gatazkari buruz duten ikuspuntua helaraziko diete gutun baten bidez.
Hiru matxura goizean
Bilboko metroak atzo goizean hiru matxura izan zituen. Horrek arazoak eragin zizkien garraioaren erabiltzaileei. Bi matxura lanuzte orduetan gertatu ziren, 07:15ean. Hirugarren arazoa 07:46an sortu zen, langileen protesta amaitu eta minutu batera; bidaiaririk gabe zihoan tren baten frenoek huts egin zuten. Ondorioz, trenbidea itxi egin zuten, eta ordu erdiz atzerapenak eragin zituen metroaren zerbitzuan.
Langileen arabera, %90ek egin dute lanuztea metroan
Orain arteko protestarik «arrakastatsuena» izan da, beharginen ustez; enpresak esan du %13k egin dutela greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu