Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetzarako lantaldean, hurrengo astelehenean hartuko dituzte lehen ordezkariak. Hala jakinarazi dute lantalde horretako kideek; hala ere, ez dute iragarri agerraldian nork hartuko duen parte, ezta zein gai landuko duten ere. Azaldu dutenez, ez dute «beharrezkoa ez den itxaropenik eta presiorik» sortu nahi lantaldearen inguruan.
Hirugarren aldiz, atzo bildu ziren lantaldea osatzen duten alderdietako ordezkariak legebiltzarrean; bertan, lehen agerraldi noiz egin adosteaz gain, lantaldearen plangintza zehazten jarraitu zuten, aurreko saioetan egin bezala. Maiatza bukatu arte, ordezkaritza instituzionala duten alderdien eta Giza Eskubideen Foroko kide diren elkarteen ekarpenak jasoko ditu lantaldeak. Bakea eta bizikidetza ahalbidetzeko eta «biolentzia ez errepikatzeko» hartu behar diren neurriei buruz, iradokizunak jaso nahi ditu lantaldeak, lehengo asteko bileraren ostean azaldu zuenez. Horretarako, etorkizunean lantaldean parte har dezaketenei eskatu diete proposa dezaten erakundeek zein politika eta neurri jarri beharko lituzketen martxan «adiskidetzean eta elkarbizitzan» oinarritutako kultura bat lortze aldera.
Besteen baldintza berberetan ez daudela iritzita, ezker abertzaleak uko egin dio lantaldean parte hartzeari, baita Bilduk ere. EAJko ordezkari batek, PSE-EEko batek, PPko batek, Ezker Anitza taldeko batek eta Aintzane Ezenarro Aralarretik kanporatu berriak osatzen dute lantaldea. EA eta UPD ez daude lantaldean, ez daudelako ados haren osaerarekin eta helburuekin.
Lantaldeak astelehenean hartuko ditu ordezkariak
Bakerako lantaldearen inguruan «presiorik ez sortzeko», ez dute esan nork hartuko duen parte lehen agerraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu