1950. urtean zabaldu zuten lehenbiziko enpresa kimikoa Lantaronen, Miranda de Ebron osatzen ari zen errepide lotunea eta Ebro ibaiak eskaintzen zituen aukerak baliatuta. General Quimicarekin batera Zubillaga herria sortu zen,langileak jasotzeko hainbat etxe eraiki baitzituen enpresak. Ordutik, onddoak bezala hazi dira Lantaronen fabrika arriskutsuak eta kutsatzaileak. Izan ere, Zubillaga eta Komunioi herrien parean dagoen industrialdean bost kimika daude: Acideka SA, Bakelite Iberica, BGB Giovanni Bozzeto SA, aipaturiko General Quimica eta Silquimica.
Antza, lantarondarren patua arriskua da. General Quimica zabaldu eta hamaika urte geroago, 1971. urtean, Garoñako zentral nuklearra inauguratu zuen Francisco Franco diktadoreak, Sobron herritik hamar kilometrora.
ZIKLO KONBINATUKO ZENTRALA. Miranda de Ebrotik Zubillagara doazen kamioien etengabeko joan-etorrien antzera, industrialdean kokatzeko proiektu ugari izan dituzte esku artean Lantarongo udal agintariek azken urteotan. Horietako ezagunena eta polemikoena Transpapel paper fabrikarena izan da.
Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia eta diru laguntza ugari direla medio, Lantarongo industrialdean 58.000 metro koadro inguru erosi zituen Transpapel enpresak 1996. urtean. Asmoa prentsarako papera fabrikatzea zen, eta urteko 300.000 tona paper ekoizteko gai izango zela aurreratu zuten. Haatik, azkenean enpresak atzera egin zuen, eta Foru Aldundiak erositako lurzorua berreskuratu zuen.
Hamar urte geroago, beste enpresa batek Lantaroni erreparatu dio. Iazko abenduan, Gas Natural konpainiak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinarazi zion, hitzez, energia elektrikoa ekoizteko ziklo konbinatuko zentral bat eraikitzeko asmoa zuela. Zentrala Ebro ibaiaren ertzean, gasbide batetik gertu eta Errioxa-Burgos-Araba lotunearen barruan kokatu nahi zuela azaldu zuen, eta Arabako eskualde horri buruzko informazioa eskatu zuen.
Hala jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren Industria sailburu Ana Agirrek Ezker Abertzalea legebiltzarkide taldeari helarazitako txosten batean. Albistea zabaldu zenetik gaurdaino galdera ugari zuzendu dizkio Ezker Abertzaleak Industria Sailari Lantaronen egin asmo duten ziklo konbinatuko zentralaren inguruan. Industria Sailak, baina, beti ukatu du egitasmo horretan parte-hartze zuzena izan duenik, eta informazioa emateko gai ez zela adierazi du sarritan.
EUSKO JAURLARITZA, ADOS. Nolanahi ere, Gas Natural enpresaren egitasmoa bete-betean egokitzen zaio Jaurlaritzaren energia planari, eta hala aitortu du Ana Agirre sailburuak. «Arabako Lurraldearen Arloko Planak eta Euskadi 2010 Energia Estrategiak Araban 800 megawateko ziklo konbinatuko zentral bat kokatzeko aukera aurreikusten du».
Eusko Jaurlaritzaren interesa ikusita, Gas Naturalek Zambranako eta Lantarongo udalerrietan hainbat kokaleku aztertu zituen, eta azkenean Lantarongo industrialdearen aldeko apustua egin zuen. Horrenbestez, eremu horri buruzko informazio zehatza eskatu zion Jaurlaritzari, batez ere zentrala kokatzeko behar zuten 100.000 metro koadro erosteko aukerarik ba ote zegoen. Lantarongo Udalak adierazi zuen ez zuela behar beste lurzoru, baina aukera zegoela sektorizatu gabeko eremu urbanizagarri bat industrialdean sartzeko, eta lur horietako jabeak saltzeko prest zeudela. Hortaz, aurtengo urtarrilean Gas Natural konpainiako arduradunek bisita egin zuten Lantaronera, Industria Sailaren ordezkariak lagunduta. Lurzoruak ikusi ondoren, erosteko interesa berretsi zuen Gas Naturalek.
Industria sailburuak argitu zuenez, udal agintariek lurzorua kudeatzeko laguntza eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, eta Industria Sailak Sprilur elkartearen esku utzi zuen auzia. Elkarteak negoziazioa hasteko baldintza jarri zuen. Gas Natural enpresak epe jakin batean proiektua aurrera eramateko urratsik egin ezean, lurrak atzera eskuratzeko eskubidea izango luke Sprilurrek, eta Gas Naturalek onartu egin zuen.
Gaur egun, Sprilur zazpi lur sailen salmenta bideratzen ari da. Hitzartutako salneurria metro koadroko 12 euro da. Horietako lau lur zati erosteko konpromisoa itxita dago (87.591, 53 metro koadro), eta lurrak erosteko eskubideak Gas Natural enpresaren esku utzi ditu Sprilurrek. Konpainiak 41.784 euro ordainduko dizkio Sprilur elkarteari, lurren salmenta kudeatzeagatik.
Erosteke dauden gainerako hiru lur sailak (57.997 metro koadro) Tragsa enpresarenak dira, eta saltzeko prest dago, baina Arabako Foru Aldundiak horiek atzera eskuratzeko eskubidea du. Horrenbestez, Sprilur Foru Aldundiarekin negoziatzen ari da, horiek eskuratzeko.
FORU ALDUNDIAN TRABARIK EZ. Hala ere, Arabako Foru Aldundiak ez omen du trabarik jarriko. Izan ere, Carlos Samaniego ahaldun nagusiordeak ziklo konbinatuko zentrala «egitasmo iraultzailea» izanen dela azpimarratu du sarritan, eta Foru Aldundiko eta Lantarongo kutxak «ondo hornitzeko» balio izango duela gaineratu du. Halaber, herrialdeak energia elektrikoa sortzeko duen gaitasuna handituko duela azaldu du, eta ziklo konbinatuko zentrala Garoñako zentral nuklearraren «alternatiba edo osagarri» bilaka daitekeela.
Lur sailak eskuratuta, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egin beharko dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta Lantarongo Udalak zabaltzeko eta jarduteko baimenak onartu. Haatik, Gas Natural enpresak aurreikusitakoa hitzez hitz beteko dela ematen du. Alegia, hurrengo urtean zentrala eraikitzen hastea, eta 2009. urtean martxan jartzea.
Horrenbestez, Ebro ibaiaren ertzean zerealak eta zentralak pilatzen jarraituko dute, eta Lantaronen patu arriskutsua handitzen joango da.
ezaugarriak
800
Potentzia. Lantarongo ziklo konbinatuko zentralaren potentzia 800 megawatekoa izango da.
Inbertsioa. Gas Natural konpainiak 400 miloi euro inbertituko ditu zentrala eraikitzeko.
Lursailak. Orain arte, lau lur sail erosi ditu Gas Natural enpresak Lantarongo industrialdean, Sprilur elkartearen bitartekaritzari esker. Orotara 87.591 metro koadro dira, eta 1.356.549, 18 euro ordaindu ditu.
Lantarongo herrietako bizilagunek ez dute ziklo konbinatuko zentralaren berri
Lantarongo Udalak ez du inolako informaziorik zabaldu ziklo konbinatuko zentralaren inguruan
e.u.
Fontecha
«Ez dakit horren berri». Lantarongo herrietan ez dago ziklo konbinatuko zentralaren zantzurik. Herritar bakan batzuek hedabideen bitartez zertxobait jakin dute,, baina Udalak ez du informazioa zabaltzeko ahaleginik egin, eta hortaz, gehienek zurrumurruak besterik ez dute entzun.
Mentxu Arribas Caicedo-Yusoko bizilagunak informazio faltaren susmoa berretsi du. «Sekulako informazio falta dago herrietan. Orain hasi dira zurrumurruak zabaltzen zentralaren inguruan, baina, egia esan, informazio ofizialik ez dago. Udalak, orain arte behintzat, ez du ezer esan».
Fontechako Mikel Izquierdo iritzi berekoa da. «Bai, bai, egia da, komunikabideetan zertxobait agertu delako jakin dugu zentralarena, baina besterik ez. Gainera, uste dut Udalak bultzatu duela zentrala ekartzea, baina orain arte herriko bizilagunei ez digu ezer esan».
Ziklo konbinatuko zentrala Lantaronen kokatzearen alde edo kontra dauden ezin dutela esan gaineratu dute biek. «Inolako informaziorik izan gabe ezin duzu iritzia eman, gutxienekoa informazioa jasotzea da, eta ondoren aldeko eta kontrako iritziak ezagutzeko aukera ematea», nabarmendu du Mentxu Arribasek.
Gainera, Udalaren jarrera penagarria iruditzen zaiola adierazi du. «Zerbait ekarri nahi izanez gero, lehenbizi herriko jendearen iritzia jakin beharko dute, eta, horretarako, informazioa zabaldu behar da. Baina oraindik ez dakigu ezer. Hemen albistea herritarrok dugun informazio falta da. Ez dakigu ezer, eta, nire ustez, gauza inportantea da zentrala hemen kokatzea». Izquierdoren ustez, ez da arazo jakin bat, baizik eta udal agintarien ohiko jarrera da herritarrei informazioa ukatzea. «Hori hemen ez da gertatzen bakarrik zentralaren auziarekin, orokorrean herritarrak ez gara ezertaz jabetzen».
HERRIAREN IZAERA. Lantaron aukeratzeko arrazoien artean, Arribasek udalerriaren izaera bera nabarmendu du. «Herri hauetan oso jende gutxi bizi da, eta, gainera, herriak oso sakabanatuta daude. Hemen bizi den jende gehiena zaharra da, eta ez dago harremanik herriko bizilagunen artean. Nik uste dut eremua nolakoa den kontuan hartu dutela, lau katuren artean erabaki dutela zentrala eraikitzea, eta gauzak isilean gorde nahi izan dituztela».
Halaber, Izquierdok uste du alkatearen pentsamoldeak zerikusi handia duela zentrala kokatzeko erabakiarekin. «Alkateak esan zuen behin Garoñako zentrala ixtea baino hobe zela zentralaren jabeei dirua eskatzea eta listo, behintzat horrela zentralari onurak aterako genizkiola. Halako pentsaera duen bati zer eskatuko diozu? Horri berdin zaio zentral bat, bi edo hiru jartzen baldin badituzte».
Bestetik, Lantaron puntu beltza dela gaineratu dute biek, enpresa kimikoek industrialdea hartuta baitaukate, eta agian herritarrek errazago onartuko dute ziklo konbinatuko zentrala bertan kokatzea. «Kimikoek ez dute asaldurarik eragiten. Bizitza osoa eman dute hemengo biztanleek General Quimicarekin, eta ohituta daude», adierazi du Arribasek.
Hala ere, ziklo konbinatua baino lehenago baditu beste oinarrizko behar batzuk Lantarongo herriak, Izquierdoren ustez. «Herri hauetan ez dago ezer. Ez dago kaleak garbituko duenik, ez dago paperontziak jasoko dituenik. Ez dago kutxazain automatikorik, ez dago eskolarik, ez dago haurtzaindegirik. Herri mamua da».
«Hemen albistea herritarrok dugun informazio falta da;ez dakigu ezer»
mentxu arribas
caicedo-yusoko bizilaguna
«Komunikabideetan zerbait agertu delako jakin dugu ziklo konbinatuko zentral bat jarriko dutela»
mikel izquierdo
fonteCHako bizilaguna
jesus barredo Lantarongo alkatea
«Ez dut uste erreferenduma egin beharko dugunik herri honetan»
e.u.
Gasteiz
Lantarongo alkatea da Jesus Barredo, EAJkoa. Ziklo konbinatuko zentral bat zehatz-mehatz zer den ez dakien arren, Lantarongo industrialdean dauden enpresa kimikoek eta Garoñako zentral nuklearrak baino gutxiago kutsatuko duela nabarmendu du. Udalak lurzoruak erosteko tramitean parte hartu duela aitortu du, eta herrian ziklo konbinatuko zentralari buruzko informazioa zabaltzeko asmoa dutela adierazi.
Ziklo konbinatuko zentrala Lantaronen kokatzeko erabakia behin betikoa da?
Bai, alkate gisa bi bilera izan ditut jada Gas Natural enpresarekin, eta azkenean Lantaronen jarriko dutela ia-ia ziurra da. Asko okertu beharko lirateke gauzak enpresak atzera egiteko. Orain dagoen traba bakarra da Arabako Foru Aldundiaren esku dagoen lur sail bat erostea. Carlos Samaniego foru diputatua horrekin ziria sartzen saiatzen ari da, baina nahiz eta Foru Aldundiak lur sail horiez saldu, ziklo konbinatuko zentrala kokatzeko nahiko lurzoru dago industrialdean. Dena den, nik uste dut arazo politikoa baino ez dagoela jarrera horren atzean, eta azkenean hori ere konponduko da.
Ziklo konbinatuko zentrala jartzeko negoziazioan parte hartu al du Lantarongo Udalak?
Urte hasieran, zentrala jarri nahi zutela ohartarazi ziguten, eta Gas Natural enpresak proiektua aurkeztu zigun. Ordutik, lurrak erosten lagundu diegu, eta Sprilurrekin batera nekazariekin hitz egiten eta negoziatzen ibili gara. Salneurri ona lortu dugu, baina nekazariak inoiz ez daude pozik:erosten duenak garesti erosten duela uste du, eta saltzen duenak merke saltzen duela. Orain beharrezkoa den lurzorua badago, eta Gas Naturalek esan digu bi hilabete barru proiektua aurkeztuko digutela.
2009. urtean zentrala martxan jartzeko asmoa dute, ezta?
Bai, hala ere, nik ez dut zintzarria jo nahi, agian Transpapelekin gertatu zitzaiguna gerta daitekeelako, alegia, dena pikutara joatea. Dena den, Transpapelekin baino seguruago nago orain; gainera, Eusko Jaurlaritzak eginiko txostenaren arabera Araban ziklo konbinatuko bi zentral egiteko asmoa dagoela esan digute, Garoñako zentral nuklearra ordezkatzeko.
Eta zeintzuk dira hemendik aurrera Udalari dagozkion lanak?
Guztia bideratuta dagoenean, Udalak obra egiteko baimenak eman behar ditu, eta, horiek amaituta, jarduerari hasiera emateko baimena onartu beharko du.
Beraz, Udalean begi onez ikusten duzue zentrala bertan kokatzea.
Ez dakigu oso ondo zer den ziklo konbinatuko zentrala, baina aurki Logroñora bidaia egingo dugu, bertan badagoelako zentral bat, eta bisita egitera joango gara. Bisita horretan aukera izango dugu nahi dugun guztia galdetzeko, zenbat CO2 isurtzen duen, nolako kalteak eragin ditzakeen eta zer etekin dituen jakingo dugu.
Hala ere, enpresa arriskutsuen kokaleku bilakatu da Lantarongo industrialdea.
Bai, baina ziklo konbinatuko zentrala edozein zentral nuklearrek baino gutxiago kutsatuko duela uste dut, baita Lantarongo industrialdean ditugun beste industria kimikoek baino gutxiago kutsatuko duela ere. Egia esan, egungo industrialdea nahiko arriskutsua da; General Quimicaren antzeko enpresa ugari ditugu hor. General Quimica duela 70 urte kokatu zen Lantaronen. Zeinek kontrolatzen du hori?
Ziklo konbinatuko zentrala Lantaronen kokatzea herriarentzat mesedegarri izan daitekeela uste al duzu?
Nik baietz esango nuke, Udalarentzat oso diru iturri garrantzitsua izango baita. Gainera, 50 lanpostu finko izango ditu, eta udalerrian horietan lan egin dezakeen jendea egonez gero, horiek hartuko dituzte. Dena den, egia da hori enpresa guztiek esaten dutela... Halaber, zentrala eraikitzen duten bitartean 1.000 langile behar izango dituztel. Bestetik, eraikitzeko lanak irauten duten bitartean, inguruko lantegiei mesede handia egingo zaie, lan gehiago izango dutelako.
Dena den, kritika ugariren iturburu dira gaur egun ziklo konbinatuko zentralak.
Bai, bai, ziur kritikak badaudela. Horregatik, udalerriko jendea zentrala bisitatzera joatea nahi dut, eta herritarrek nahi dituzten galdera guztiak egitea, eta gero ikusiko dugu... Ez dut uste herri honetan erreferenduma egin beharko dugunik. Logroñora egingo dugun bidaia irekia izango da, eta udaletxean ere behar bezalako azalpen guztiak emango ditugu. Gainerako bizilagunak bezala, ni ere nekazaria naiz, eta ez ditut gai hauek kontrolatzen; beraz, informazioa behar dugu.