Lanuzteak gutxietsi ditu Barcinak, eta berretsi du mozketei eutsiko dietela

Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du murrizketak «egin beharrekoak» direla; Espainian okerrago daudela nabarmendu duHezkuntzako greba deialdiekin bat egin dute guraso elkarteek; asteartean izango da lehena

Hilaren 31rako greba deia atzo erregistratu zuten Nafarroan. L.F. ARROIABE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hiru greba deialdiri egin beharko die aurre datorren astetik aurrera Nafarroako Gobernuak, baina ez du asmorik sindikatuekin negoziatzen hasteko. «Hartu beharreko neurriak dira», esan die langileei Yolanda Barcina gobernuko presidenteak. Oharra egin die lanuzteei buruz: «Alferrik galdutako egunak izango dira». Espainiako erkidegoei begira jarri da, Nafarroako murrizketak zuritzeko: «Neurriak ez dira beste toki batzuetakoak bezain gogorrak, iaz beste erkidegoek baino ahalegin handiagoa egin genuen eta». Murrizketak iaz ere egin baitzituzten UPNk eta PSNk. Gehiago egingo dituzte orain, handiagoak.

Hezkuntzan hasiko dute greba datorren astean. Astearterako dute deia egina ordezkaritza duten bederatzi sindikatuetatik zortzik. Lehena baizik ez da izango asteartekoa; hurrengo astean beste bi egunetan joko dute grebara, asteartean eta ostegunean. Deialdi horiekin bat egin ez duen talde bakarrak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleenak, lanuzte mugagabea egitea jarri du mahai gainean. LAB sindikatuak salatu du zazpi irakasletik bat kanporatuko duela Iruñeko gobernuak: mila lagunetik gora.

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren jarrera berbera agertu du Barcinak: postura itxia agertu du neurriei buruz negoziatzeko —murrizketak egin beste erremediorik ez duela esan du—, eta «ahalegin bat» egiteko eskatu die irakasleei; haien gain jarri du hezkuntzaren kalitateari eusteko ardura. «Gehienak ari dira ulertzen egoera zaila dela. Dudan daudenei esan nahi diet grebak azterketa aldian ikasleei eta gurasoei kalte egiteko soilik balioko duela».

Guraso elkarteen babesa ere jaso du grebarako deialdiak. Herrikoa eta Sortzen Ikasbatuaz taldeek bat egin dute protestekin. Salatu egin dute Nafarroako Gobernuak hartutako jarrera: «Inoizko atzerapauso handiena egiten ari dira hezkuntza publikoan». Kalitatea kaskartu egingo dute murrizketek, «nahitaez». Horretaz ohartarazi dute gurasoen elkarteek, eta erantzun egin diote Barcina presidenteari: «Sindikatuek deitutako mobilizazioek baino kalte handiagoa egingo dute hezkuntzan egindako murrizketek».

Ikasleen gurasoei dei egin diete protestarekin bat egin dezaten. «Arduragabea litzateke gizarteko deialdiari jaramon ez egitea une honetan». Hilaren 22an, 29an eta 31n umeak eskolara ez bidaltzeko eskatu diete aita-amei. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gobernuak: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan hiru langiletik batek joan beharko du lanera; gainerako irakats-aldietan, lautik batek. Azterketa garaia da maiatz bukaera, eta probak egiteko eta zuzentzeko agindua jaso dute maisu-maistrek. Gurasoen elkarteek eskatu dute hori ere: ahalik eta kalte gutxien sortzeko ikasleei, batez ere Batxilergoko azken urtean ari direnei, selektibitatea normal egin ahal izan dezaten.

Hilaren 31n alor publiko osoan greba egitera deitu dute sindikatu abertzaleek; norbere aldetik erregistratu zituzten atzo deialdiak. EILASek eta ELAk Nafarroan egingo dute greba, nahiz eta bertan behera utzi duten Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako deia. Gainerako sindikatuek 31ko greba hezkuntzarako soilik babestu dute oraingoz, baina oso litekeena da sektore publiko osora zabaltzea. Mahai orokorreko bilera izan zuten herenegun sindikatuek eta gobernuak, eta han ere murrizketa gehiago jarri zituzten mahai gainean; etzi dute beste bilera bat gaia aztertzeko.

Presa dauka Nafarroako Gobernuak murrizketak onartzeko. Sindikatuei herenegun jakinarazi zien datorren astean bertan onartu nahi dituela. Egoera larria dela, erantzun beharra dagoela nabarmendu du Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak: «Kontua larria da. Oso estu pasatuko ditugu hurrengo hilabeteak». Defizita mugatu beharraz aritu da Barcina behin eta berriz: «Egonkortasuna ez da xede bat, behar bat da».

Helegitea jartzeko asmo gutxi

Sindikatuek salatu dute bi mila behargin kalera botako dituztela UPNk eta PSNk. Madrilen aginduak «nahitaez» bete beharrekoak direla erantzun du Barcinak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aurrerabiderik ez du eman, PSNk horren alde egin badu ere. Kontuan izan behar da, gainera, hezkuntzako murrizketen alde bozkatu zuela UPNk Espainiako Kongresuan. Barcina: «Arduraz jokatu du alderdiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.