IKASTOLAK

«Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzera» hots egin dute Nafarroa Oinez-en antolatzaileek

Heldu den igandeko festa aurkeztu du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunak, gaur, Iruñean. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 4a
17:18
Entzun

Nafarroa Oinez ospatzeko modu bakarra ez, «hamaika» direla gogorarazi dute gaur Andra Mari ikastolako arduradunek. Igandean eginen dute festa Etxarri Aranatzen (Nafarroa), baina aurretik ere aukera izanen da egitarau zabal batez gozatzeko. Gaur aurkeztu dituzte egitaraua, ibilbidea eta festaren nondik norakoak, Iruñean.

Egitaraua «ilusio handiz» osatu dutela azaldu du Nafarroa Oinez-en Jarduera Batzordeko arduradun Maider Ansak: «Denontzat gozagarri izanen den jarduera andana prestatu dugu; adin guztietako jendearentzat espazio eta jarduerak biltzen dituen egitarau zabala eskaini nahi dugu, ondo baitakigu Nafarroa Oinez bizitzeko hamaika modu daudela». Bereziki zaindu dute haurrentzako programazioa, eta jolas gune ugari paratu dituzte ibilbidean. «Ibilbide osoan, erraldoiak, ipuin kontalariak eta pailazoak izanen dira, eta, Utzubar Txiki gunean, Haurren Hiria eratuko da, birziklatutako osagaiekin egindako txokoa, haurrek material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izan dezaten», esan du Ansak.

Hiru gune eta egitarau oso bat

Ibilbidea ia hiru kilometro luze da eta hiru gunetan banatuta egongo da. Hirurak, herrian bertan: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Horietan, zuzeneko musika emanaldiak izanen dira: besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes taldeak ariko dira oholtza gainean. «Gainera, aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izanen da».

Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, gazteek Erronkan parte hartu ahal izango dute. «Nafarroako 11 ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatuko jolas erraldoia da Erronka, euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz egina. Erronkalariek, gunez gune, hainbat kirol ekintza, oztopo eta trebetasun proba gainditu beharko dituzte», azaldu dute antolatzaileek.

BERRIA, festarekin bat

Urtero bezala, BERRIAk bat eginen du Nafarroa Oinez festarekin, eta hainbat jarduera antolatu ditu, Andra Mari ikastolarekin elkarlanean. Larunbatean, esate baterako, Oinez-en bezperako jaialdia eginen dute herriko plazan, 16:30ean. Pontx pailazoa igoko da taula gainera, haur eta helduak gozarazteko. Igandean, berriz, Erronka jolasa prestatu du BERRIAk. Utzubar Txiki gunean izanen da, 11:00etatik 14:00etara. Bestalde, Lur Korta ipuinak kontatzen ariko da Batzeta gunean, 12:00etatik aurrera.

Euskararen ofizialtasuna aldarri

Andra Mari ikastolako antolatzaileek azaldu dute igandekoa, festaz gozatzeko eguna izateaz gain, «aldarrikapenak zabaltzekoa» ere izanen dela. «Euskarari bultzada emateko eguna izanen da, baita oinarrizko aldarrikapen bati oihartzuna ematekoa: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzearena, euskaldun guztien hizkuntza eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen», azaldu du ikastolako zuzendari Iñigo Orellak.

«Ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure hezkuntza proiektu kalitatezkoa eta eraldatzailea plazaratu nahi dugu Nafarroa Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibotasunari garrantzi berezia emanez», gehitu du. «Izan ere, gure helburu nagusietako bat da ikasle mota guztiei heziketarik onena eskaintzea, behar klase guztiei erantzunez; eginkizun hori betetzeko daukagun baliabide falta agerian utzi nahi dugu igandeko festan».

Garraioari buruzko jarraibideak

Etxarri Aranatzera iristeko moduari dagokionez, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzera animatu du Andra Mari ikastolak: «Trena aukera ona da. Etxarriko tren geltokitik Nafarroa Oinez-en ibilbidera 200 metro baino ez daude. Gainera, Renfek ordutegi berezia eskainiko du igandean». Trenen ordutegiak ikusgai izanen dira Nafarroa Oinez-en webgunean.

Autobusez doazenentzat, aparkaleku bereziak atonduko dituzte Zumurdineta industrialdean, bigarren eta hirugarren guneen artean, ibilbidetik 200 metrora. «Herrira autoz etorriko diren horientzat guztientzat ere gauzak errazten saiatu gara, edozein norabidetatik datozen ibilgailuentzat sarrerak eskainiz, eta aparkalekuak hiru guneetatik gertu jarriz. Honi buruzko informazioa, aplikazioan, webgunean eta sare sozialetan aurkitu daiteke». Autokarabanek aparkatzeko gune propioa izango dute, herriko erdigunetik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.