«Ez ezkerrik eta ez eskuinik» kanpainako lehen egunean

Alderdi politikoek Aian, Donostian eta Erandion egin dituzte ekitaldiak, eta, besteak beste, klima larrialdiaz, prekaritateaz, ekonomiaz eta torturaz aritu dira.

Idoia Mendia gaur goizeko ekitaldian, Miramonen. PSE-EE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 26a
13:46
Entzun

Atzo arratsaldeko ekitaldi nagusien ondotik, ekitaldi txikiagoak egin dituzte goizean alderdi politikoek. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina hasi berritan, EAJ Aian (Gipuzkoa) izan da, eta ingurumena izan dute hizpide. «Konpromisoa dugu nazioartean adostutako garapen iraunkorrarekin eta klima helburuekin», ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakarigaiak. Azaldu duenez, klima larrialdiaren adierazpena onartu dute, eta konpromisoa hartu 2050ean karbonoan lurralde neutroa izateko.

Hain zuzen ere, gaiari lotutako bost konpromiso dituztela nabarmendu du: klima aldaketari buruzko lege berria; energia berriztagarrien kontsumoa %20ra igotzea; Mugikortasun Iraunkorreko Plana eskualde guztietan egitea, oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak %20 gehitzeko; tokiko eta sasoiko produktuak, azpiegitura berdeak eta naturan oinarritutako irtenbideak bultzatzea; eta zuhaitz azalera 10.000 hektarea handiagoa izatea.

Eguneko titulua, ordea, Radio Euskadin eman du Urkulluk. Elkarrizketa batean, esan du jada ez dagoela «eskuina eta ezkerra», eskema hori «zatituta» dagoela eta EAJk ez duela «leziorik» onartuko beren burua ezkerrekotzat duten alderdien aldetik.

Kaleaz gain, sarea da kanpaina egiteko plataforma nagusietako bat, eta hor ere ari dira alderdiak. Jeltzaleek atzo aurkeztu zuten kanpainarako prestatutako bideoa, «herri hau martxan jarri zutenak eta koronabirusaren krisian okerren daudenak» omentzeko.

EH Bildu

Bideogintzarekin jarraituta, EH Bilduk gaur zabaldu du kanpainako bideoa.

Indar subiranistak Donostian egin du goizeko ekitaldia, eta gazteak izan ditu protagonista. Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren hitzetan,  uztailaren 12an bi aukera egongo dira mahai gainean: «Prekaritatera kondenatzen gaituen EAJren eredua eta herritar gehienei segurtasuna eta ziurtasunak ematen dizkien EH Bildurena». Koalizioak hainbat proposamen ditu «prekaritatea desagerrarazi eta herritarren eskubideak bermatzeko»: 33.000 lanpostu sortzea; «arriskuan dauden» 100.000 lanposturi eustea; 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea; lan erreforma ez aplikatzea; 35 orduko lan astea ezartzea; eta alokairu publikoko 11.000 etxebizitza herritarren eskura jartzea eta alokairuaren prezioa mugatzea.

Iriarteren ustez, erakunde publikoen «lehenengo eta funtsezko eginkizuna» izan behar da «jendea babestea eta etorkizun duina ziurtatua izateko politikak indarrean jartzea». Eta erantsi du Urkulluren lehentasunak ez direla horiek: «Egin daiteke, borondate politiko kontua da, Urkulluren gobernuak urrunetik ere izan ez duen borondate politikoa, bere lehentasunak beste batzuk direlako».

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemosek ere Donostia aukeratu du kanpaina hasieraren biharamunerako. Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, haiei mintzatu zaie Miren Gorrotxategi lehendakarigaia. «Gaitz» hori jasan dutenekin Elkarrekin Podemosek «konpromiso eztabaidaezina» duela ziurtatu du Gorrotxategik. «Duela urtebete Elkarrekin Podemosek lortu zuen Eusko Legebiltzarrean aho batez onartzea legez besteko proposamen bat: torturaren biktimak babesteko eta aitortzeko egun bat ezartzea».

Arratsean, berriz, Gasteizen aritu da Gorrotxategi, ekologiaz: «Herrialde honetan, hitzetatik eta adjektiboetatik haratago doan esparru berde bat badago, eta #ElkarrekinPodemos-ek ordezkatzen du».

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaia, berriz, Miramongo Parke Teknologikoan (Donostia) izan da. Bertan, elkarrizketa ezinbestekotzat jo du ekonomia berreraikitzeko eta lanpostuak berreskuratzeko. Uste du lana dela herritarrei gehien ardura zaiena, eta haiek horretan arituko direla azpimarratu du: «PSE-EE proiektu txikiak, gure komertzioak eta ETEak —enpresa txiki eta ertainak— babesten egongo da».

PP+C's

PP eta Ciudadanos koalizioaren lehendakarigai Carlos Iturgaizek Erandion (Bizkaia) egin du agerraldia, eta ekonomia izan du hizpide hark ere: «Nik botoa eskatzen dut enplegua areagotzeko, industria sarea handitzeko, ekonomia hazteko, autonomoentzat, enpresarientzat eta langileentzat». Eurek gobernatzeak hainbat onura dakartzala nabarmendu du: lan gehiago, industria gehiago, autonomoentzako aukera gehiago...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.