Politika

«Gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu Urkulluk

Nueva Economia foroan egindako hitzaldian esan du horrelako jarrerek ateak zabaltzen dizkietela «populismoari eta demagogiari».

Iñigo Urkullu, Nueva Economia foroan, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 29a
11:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Nueva Economia foroak denboraldi berria abiarazi du, eta, ohitura duen gisan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzaldi batekin ireki du hitzaldi sorta berria. Urkulluk nabarmendu nahi izan du azken hamarkadan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «aurrera» egin dutela, eta galdetu du zergatik eragile batzuek «irudi katastrofista» eta «laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen duten «onura politikoa lortzeko asmo bakarrarekin». Urkulluk «gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu, eta ohartarazi du bere ustez jarrera horrek «populismoari eta demagogiari» ateak zabaltzen dizkiela.

Zenbait datu eman ditu Urkulluk esandakoa berresteko: langabezia tasa hamar urtean %16,6tik %7,4ra jaitsi izana, osasungintzan eta gizarte babesean egindako gastua, pobreziaren inguruko datuak, energia berriztagarrien erabilera handitu izana eta abar. Baina, haren ustez, «jarrera indibidualistak» gailentzen dira «denen ongizatearen» aurrean: «Beti egongo dira kalteturik sentitzen diren pertsona eta gizataldeak, denen ongizatea bilatzen duten erabakiak direla eta». Horren arriskuaz ohartarazi du Urkulluk. Haren ustez, jarrera horiek «populismoa eta demagogia» elikatzen dituzte, eta bereziki «arazo konplexuei irtenbide sinpleak» ematen dizkietenak.

Aipatu ez badu ere, ELA egin du Urkulluk bere kritiken xede. Haren ustez, sindikatuaren asmoa da «sistema politikoa» aldatzea: «Beste eredu bat bilatzen dute: gizarte subsidiario bat, funtzionarioz betea eta ekinbide pribatua gaitzesten duena». Esan duenez, gainerako sindikatuek ondo dakite «sindikatu horrek negoziazio kolektiboetan darabiltzan inposizioen berri».

Feijooren inbestidura

Galderen txandan, gaurkotasun politikoaren gai nagusiak aletu ditu Urkulluk. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, Urkulluk galdetu du zergatik Felipe VI.a erregeak eman zion Feijoori inbestidurara aurkezteko eginkizuna, eta hark zergatik onartu zuen: «Beharbada, Feijooren interes partikularra nagusitu da, eta PSOErentzat ere interesgarria izan zitekeen Feijooren porrotaren irudia ematea, baina herritarrek behintzat ez dute inolako onurarik lortu egoera horretatik». Haren iritziz, hauteskundeak berriro egitea «albiste txarra» litzateke, baina uste du agian PPk eta PSOEk horretan interesa izan dezaketela, «egoera horrek bien arteko polarizazioa areagotuko lukeelako gainerako alderdien kaltetan».

Feijook EAJren inguruan egindako adierazpenei buruz, Urkulluk esan du azken bolada honetan «gehiegizko interesa» dagoela EAJren egoeraz, eta horren atzean egon daitekeela EAJren boto emaileak erakartzeko nahia: «Edonola ere, PPk egunotan hizkuntzen inguruan edo estatuaren nazio aniztasunaz egin dituen adierazpenek argi erakusten dute EAJk zergatik eman duen kontrako botoa inbestiduran».

Amnistia Legeaz, Urkulluk esan du positibotzat jotzen duela «oraingo egoerari buelta emateko edozein ahalegin, oso ortodoxoa ez bada ere», baina ohartarazi du Katalunian dagoen korapiloak «arazo politikoen judizializazioan» duela iturburua: «Horren ondorioak ordaintzen ari gara oraindik. Horrek ez zuen gertatu behar. Ez zuten inor auzipetu behar politikoa den auzi batengatik».

Jokin Bildarratz sailburuari «babes osoa» adierazi dio, eta eskola garraioaren adjudikazioaren inguruko polemikaz esan du adjudikazioak eta kanpoko bulego bati txosten juridiko bat eskatu izanak ez daukatela elkarrekin «zerikusirik». Hala ere, onartu du administrazioak «kontu handiagoz» jardun behar zuela «okerreko interpretazioei bide ez emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.