Mila pertsona inguru batu dira gaur Basaurin (Bizkaia), eta giza kate bat osatuz bete dute kartzelatik osasun etxeraino dagoen kilometroa. Sare plataformak antolatu du mobilizazioa, eta “preso gaixoak, bizirik etxera” izan da parte hartu dutenek gehien oihukatu duten leloetariko bat. Mezu hori zabaldu nahi zuen plataformak protestarekin, eta kartzelan diren preso larriak kaleratzeko beharra azpimarratu dute amaierako ekitaldian ere. “Gizatasunagatik, legeak hala dioelako eta duintasunagatik, larri diren presoek libre egon behar dute”.
Joseba Azkarraga Sare plataformako kideak irakurri du mobilizazio amaierako testua, eta egungo espetxe sistemaren “gizatasun falta” salatu du. Haren hitzetan, “mendekua” eta “gorrotoa” ditu oinarri. “Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubide bat da, baina baita pertsona guztiei dagokien eskubide unibertsal bat ere, pertsona horiek preso egon zein ez. Eta larri dauden presoen kasuan, osasunerako eskubidea bateraezina da espetxearekin”.
Heriotza zigorra
Osasun langileen talde batek ere egin du bat mobilizazioarekin. “Ikuspuntu profesional eta humano batetik, honek ez dauka ez hanka, ez buru”. Amaia Txurruka medikuak hitz egin du mobilizazio amaierako ekitaldian osasun langileen izenean. Preso eriek kalean behar luketela nabarmendu du. “Larri dauden pertsonak preso edukitzea giza eskubideen urraketa larria da, eta, beraz, pertsona horiek etxean egon behar dute dagokien tratamendua modu duinean jaso ahal izateko”. Osasunaren Mundu Erakundearen hitzak ere izan ditu gogoan. “Kartzela eta gaixotasuna bateraezinak dira”.
Ibon Iparragirre presoari aipamen zehatza egin diote. “Kartzelan dagoen egun bakoitza urrats bat gehiago da haren heriotza zigorrerantz”, salatu du Azkarragak. Heriotzaren atarian deskribatu dute behin baino gehiagotan osasun profesionalek, baina kartzelan dago oraindik ere. Hura berehala askatzeko eskatu du horregatik Sare plataformak.
Hurrengo protestak
Mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute hizlariek. Presoen eskubideen aldeko hurrengo bi mobilizazio nagusietara joateko deia ere egin dute. Abenduaren 9an Parisera joateko beharra azpimarratu dute, eta urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia ere egin dute.