Arabako Gipuzkoako eta Bizkaiko bost udalerritan larrialdi kimikoetarako sirenak piztuko dituzte hilaren 9an, 12an eta 13an; hain zuzen, Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Lantaron eta Luzueron probatuko dituzte. Enpresen larrialdietarako protokoloak kudeatzen ditu Aveq-Kimika Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak, eta hark egingo du proba, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin elkarlanean. Asmoa da herritarrek alarmaren soinuak ezagutzea, industria kimikoan isuri toxikorik balitz larrialdiaz ohartzeko.
Espainiako Seveso araudiak arautzen du protokoloa. Horren arabera, sirenen helburua alerta ahalik eta azkarren zabaltzea da, istripuren bat balego herritarrek babes har dezaten.
Bi seinale mota joko dituzte sirenek udalerri horietan. Lehena, isuri toxiko baten berri emateko, eta, bigarrena, arriskua amaitu dela iragartzeko. Lehena entzundakoan leku itxi batean konfinatu beharko dute herritarrek, babesteko.
Eusko Jaurlaritzak ere badu horrelako kasuetarako larrialdi plan bat, giza baliabideak eta materialak koordinatzeko mekanismoak jasotzen dituena. Sirenez gain, megafonia bidezko oharrak eta prentsa eta sare sozialen bidezko iragarkiak biltzen ditu plan horrek.
Era berean, Segurtasun Sailak Alderantzizko 112 sistema aktibatuko du, eta, modu horretara, alerta geolokalizatuak bidaltzeko aukera izango dute herritarrek. Horretaz baliatzeko, SOS Deiak-en aplikazioa deskargatu beharko da, eta geolokalizazioa aktibatu. Larrialdi egoeretan nola jokatu jakiteko informazio zehatza emango da bertan.