Larrialdi zerbitzuak arduraz erabiltzeko esan zien iragan astean Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak herritarrei. Halako eskaera bat egiteak esan nahi du Dominguezen ustez herritarrek ez dituztela larrialdi zerbitzuak arduraz erabiltzen. «Agian herritar batzuk mindu egin daitezke larrialdi zerbitzuak arduraz erabiltzeko eskatzeagatik», onartu du gaur, Nafarroako Parlamentuan. Bere eskaera indartzeko, maiatzeko datuak eman ditu: batez beste, Nafarroako hiru ospitaleetako larrialdietara joan ziren kasuen %40 osasun arretarako beste maila batzuetan arta zitezkeen, ez larrialdietan.
%40 batezbestekoa da. Ospitale bakoitzeko datuak aztertuz gero, Tuterako ospitaleko larrialdietara joandakoen %70 arta zitezkeen beste osasun zerbitzu batzuetan, eta Lizarrako ospitaleko larrialdietara joandakoen %60. Dominguezen arabera, maiatzean herritar asko joan dira larrialdi zerbitzuetara, normalean urteko sasoi horretan joaten direnak baino gehiago.
UPNk larrialdi zerbitzuei buruzko galdera egin dio Osasun kontseilariari. Erantzun die larrialdi zerbitzuak lantzen ari direla, larrialdi zerbitzuen eskaera hazten ari delako 2022tik. «Behar izanez gero, larrialdietarako dozenaka profesional kontratatu ditzakegu, ohe kopurua halako bi jar dezakegu edo ospitaleetako larrialdietarako eraikin berri bat egin dezakegu; baina herritarren laguntzarik ez badugu, arazoa handiagoa izango da, eta ez da desagertuko», azaldu du Dominguezek. Haren iritziz, osasun sistema publikoak funtzionatzeko, hiru zutabe izan behar ditu: profesionalak, kudeatzaileak eta herritarrak.
Langileei eskerrak
Langileei eskertu egin die haien lana eta «konpromisoa». Kudeaketari dagokionez, haren ardura dela onartu du, baina zehaztu du baliabideak mugatuak eta publikoak direla, lehentasunak ezarri behar direla eta arduraz jokatu behar dutela. Azaldu du azken hamar urteetan ez dela langilerik gutxitu, eta larrialdietako medikuena izan dela gehien handitu den taldea: duela hamar urte baino hamabost mediku gehiago daude.
Osasun Departamentuak lantalde bat sortu zuen urtarrilean, «larrialdi zerbitzuetako eskaera egokitzeko». Lantalde horretan parte hartzen dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak, lehen arretak, zerbitzu nagusiek eta ospitaletik kanpoko larrialdiek. Zenbait neurri indarrean jarri dituzte, eta emaitza ona izan dute, Dominguezen arabera. Horietako bat da ospitalera iristen diren kasuak beste zerbitzu batzuetara bideratzea: «Batzuetan lehentasun gutxiko zenbait paziente ospitaletik zerbitzu egokiago batera bideratzen ari dira; ospitaletik kanpoko larrialdietara, esaterako». «Horrek modua eman digu arreta denborak hobetzeko, herritarrak baliabideen erabileran hezteko, egoera larrienean dauden pazienteak azkarrago artatzeko eta osasun sistemaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko kostuei dagokienez», esplikatu du Osasun kontseilariak.