Euskal Herriko Eskubide zibilen Aldeko Mugimenduak larunbatean Iruñeko udaletxea inguratzera deitu du. 13:00etarako egin dute deialdia, eta helburua herritarren eskubideen urratzea, herri ekimen ororen zapaltzea eta Udalarekiko kritita eta disidentzia kriminalizatzea salatuko dute. Egoera horren aurrean, bide judiziala ontzat ematen badute ere, larunbateko ekintzaren deitzaileek nahikoa ez dela iritzi diote. "Urraketa hauen guztien kontrako oihua kalean adierazi behar dugu. Hau adierazi beharrean gaude. Publikoa den eremuan salatu behar dugu. UPNk pribatu bihurtu nahi duen eremu horretan". Iruñeko bizilagunak ekimen horretan parte hartzera deitu dituzte.
Mobilizazioaren aurkezpena salaketaren isla izan da. Izan ere, Udaletxearen enparantzan zen egitekoa, baina Poliziak debekatu egin du eta Burgoen enparantzan egin dute azkenean, Espainiako Poliziaren zaintzapean. Espe Iriarte eta Asier Biurrunekin batera, Iruñeko hainbat elkartek parte hartu dute; horien artean egotekoa zen Julieta Itoiz kantaria, baina Yolanda Barcinari eskainitako abestiagatik alkateak jarri dion kereilla dela eta bihar auzitegira joan beharko duenez, abokatuarekin bildu behar izan du gaur. Abestia larunbateko ekitaldiaren doinua izango da. Izan ere, jai eta aldarrikapen giroan eginen duten ekimena da, zanpantzarrak eta txarangak lagundurik. "Datorren larunbatean, apirilaren 30ean, jarriko dugun hazia loratu eta UPNk azken urte hauetan eskubide eta askatasunen urraketa irauli nahi dugu. Eskubide eta askatasunen berreskurapenaren hastapena izan nahi du egun horrek".
Aurkezpenean Iruñean azken aldian pairatzen ari diren debekuak izan dituzte hizpide, hala nola, bihar Gonzalo Puente Ojea ematekoa zen hitzaldiaren debekua eta larunbatean Txantreako bizilagunak egitekoak ziren kalderete lehiaketarena. Herritarren eskubideen zapalkuntza sarituko balitz, Iruñeko Udala "tarte handiarekin" izango zela garaile azaldu dute: "Adibideak hamaika eta mota askotakoak dira: Sanferminak eredu ofizialpean jartzea (zaharkitua eta zatarra), barrakak kentzea, txupinazoan polizi-estutasuna eta Peñen bazterketa; ondare historikoa legalitatea zalantzaz inguratzen duen negozioen eta porlanaren menpe jartzea Gaztelu Plazako aparkalekuan, erreferendumean auzokideek erabakitakoari muzin eginez; gaztetxearen kontrako erasoa eta kriminalizazioa, gure inguruan autogestioan oinarritutako ekimena desagerraraziz; gure auzoetako Olentzerori egindako jarraipena, amorru biziz eta neurrigabekoa; Europar Batasuneko hiriburuen artean biztanleko isun gehien duena Iruñea bihurtzea; Santamariaren agindupean dauden udaltzainek jendartearen egunerokotasunaren militarizazioa; euskararen kontrako jazarpena…".