Ciudadanosen ekitaldia Altsasun

Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: 'Utzi Altsasu bakean'

17:30ean egingo dute manifestazioa. Erantzun "herritarra, bateratua, sendoa, zabala, duina eta bilatzen duten enfrentamendurik gabea" eman nahi dute. Igandea, berriz, askatasunaren gune bat eratuko da Iortia plazan: "Erasoa salatu eta Altsasurekiko elkartasuna adierazi nahi duen orori" egin diote deia.

Altsasuko agerraldia, gaur. JOXERRA SENAR
2018ko urriaren 30a
07:14
Entzun

"Beste eraso bat gehiago da" Ciudadanos alderdiak igandean egin asmo duen ekitaldia —Voxek eta PPk ere bat egin dute—, Altsasuko batzarraren ondoren azaldu dutenez. Faxismoaren antza handia duela diote: "Gure herria eskubideen ukazioaren aitzakia gisa erabili nahi dute, horren sinbolo bihurtu".

Igandean, berriz, "askatasun eta eskubideen aldeko gunea" egongo da Iortia plazan —kultur etxearen parean—, 10:00etan hasita. Ciudadanosen ekitaldira etorritakoek alde egitean, "herri guztira zabalduko da festa". "Erasoa salatu eta Altsasurekiko elkartasuna adierazi nahi duen orori" egin diote gonbita parte hartzeko.

Ahotsa.info-k azaldu duenez, joan den astean batzar bat egin zuen Utzi Bakean Altsasu herri ekimenak, “probokaziotzat” jo duten ekitaldi horri nola erantzun eztabaidatzeko. Gaur eman dute erabakitakoaren berri.

Atzo, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak "babes osoa" adierazi zion Altsasuko herriari, igandean Ciudadanos alderdiak egingo duen ekitaldiaren aurrean —Vox eta PP ere batu zaizkio—. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak egin zuten proposamena, eta kritiko agertu ziren "krispazio eta tentsio giroa sortu nahi duten jarrerekiko eta jarduerekiko". Gainera, txalotu egin zuten "bi urteotan herritarrek elkarbizitzaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren alde izandako jarrera eredugarria". Bide beretik, antzeko mozio bat onartu dute gaur Altsasuko Udalean ere.

Beste deialdi bat ere zabaldu zen atzo gauean sare sozialetan, Mila bira, mila kolore faxismoaren kontra lelopean. 10:00etan Altsasuko hilerrian biltzeko deia egin zuten iganderako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.