Larunbatean manifestazioa egingo dute Gasteizen, eskubideen alde

Eskubideak Plazara-k salatu duenez, Gasteizen 48 auzipetu daude «eskubideak praktikan jartzeagatik»

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zauriak eragin eta zaurian sakontzen ari da «salbuespenezko legedia», oraindik orain, Eskubideak Plazara mugimenduaren irudiko. «Eskubide urratzaile den salbuespen legedia uxatzen lagunduko duen sua piztu eta legedi honen ondorioak pairatzen ari diren bizilagunei berotasuna eta elkartasuna emateko», manifestazioa antolatu dute larunbaterako. 19:00etan abiatuko da protesta, Judimendiko Sefarad plazatik.

Legedi horrek indarrean jarraitzen duela erakusteko, adibidetzat jo dute Espainiako Auzitegi Nazionalak joan zen astean jarduera politikoagatik bost nafar zigortzea. Epai horrek herenegun kaleratutako D3M eta Askatasuna auziko absoluzioaren bidetik joan behar zuela uste dute. Hala, zorionak eman dizkiete auzitegiak errugabetutako lau gasteiztarrei.

Indarrean dagoen sistema politikoak «disidentzia politikorako eskubidea mehatxupean» jartzen duela salatu zuten Eskubideak Plazara mugimenduko kideek, Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Eta disidentzia politikoa ez ezik herritarrak ere mehatxupean jartzen dituela salatu du. Prentsaurrekoan agertu zirenek salatu zuten «guztionak diren eskubideak aldarrikatzeagatik jazarpena» jasan behar izan dutela: «Espetxea ezagutu dugu, Auzitegi Nazionala ere bai, eskubide urraketaren muina den auzitegia, torturaren mina, deserriaren hoztasuna...». Euskal Herriko garai politiko berriarekin bat ez datorrela uste duten arren, haien auziek irekita jarraitzen dutela ekarri dute gogora; «sendatzeko dauden zauriak dira oraindik».

Gasteizen «eskubideak praktikan jartzeagatik» 48 auzipetu daudela ekarri zuten gogora, eta horietatik 33 lagun epaiketaren zain daudela. Guztien artean 55 urte pasatu dituzte espetxean, behin-behinean, eta 257 urteko espetxe zigorraren eskaera daukate. Gainera, 720.000 euro ordaindu dituzte bermeetan.

«Salbuespen legediak herritar gisa manifestatzeko, protestatzeko eta kritikatzeko eskubidea kentzen digu, eta kentzen jarraitu nahi du», salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.