17. Korrika . Furgonetatik

Lasterkariari jarriak

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Andoni Egaña dela esan zigun aurrena; geroxeago Maialen Lujanbio. Azkenean izena aitortu zigun, abizenik eman gabe: «Fernando». Ez zuen nortasuna agerian utzi nahi. Haren asmo bakarra euskalakariei animoa ematea zen. Nola? Bertsotan, noski. Eta ez edonola, gainera; bizikleta gainean pedalei eraginez baizik.

Aurrenekoa eskolako umeei eskaini zien, Oronoz inguruan genbiltzala. Furgonetara gerturatu eta bertsoa bota nahi zuela esan zidan. Mikrofonoa eman zion Iratik, bozgorailutik euskalakariei hizketan zebilen neskak. Txikien «sua eta garra» nabarmendu zituen.

Agurtu genuen, bada, Fernando, gizonaren kemena azpimarratuz, maldan gora egindako ahalegina goraipatuz. Eta halako batean han agertu zitzaigun berriz ere. «Beste bat bota nahi dut». «Beste bat?», galdetu nion. «Noski, herri bakoitzean bat», erantzun zidan. Paretik igaro ziren guardia zibilei, Etxerat-eko kideek hartu zutenean presoei... Unean-unean lasterka zebiltzan euskalakariei eskaini zizkien.

Baliteke Fernandorenak bertso biribilak ez izatea. Posible da txapelketarik ez irabaztea. Baina ez da edonolakoa haien meritua. Eta are garrantzitsuago dena: euskalakariek gogotik eskertu zioten, egiteari utzi gabe txalo eginez. Maldan gora zihoazela, furgonetaren erritmoari jarraitu ezinik, eta euriak bustitzen zituela, txirrindulari haren hitzek ematen zieten aurrera jarraitzeko behar zuten indarra, euskalakari izaten segitzeko hauspoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.