Ene Kantak egitasmoak ikuskizun berezia aurkeztu du: Jai Erraldoia. Aurtengo abenduan eta 2019ko urtarrilean gauzatuko dute ekimena, eta lau hitzordutan banatu dute: abenduaren 27an Donostian, Anoeta Belodromoan; abenduaren 29an Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian; urtarrilaren 2an Barakaldoko (Bizkaia) BECen; eta azkenik, urtarrilaren 4ean Gasteizko Buesa Arenan. Jaialdia 17:00tan hasiko da hiri guztietan, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Ene Kantak-en webgunean.
Ikuskizunean Nafarroako zazpi konpartsek hartuko dute parte: Txantreakoa, Sanduzelaikoa, Atarrabiakoa, Irurtzungoa, Agoitzekoa, Aurizberrikoa eta Mendillorrikoa. Horiekin batera, 32 erraldoi egongo dira. Proiektuak ez du laguntza publikorik jasoko; Rural Kutxak eta Noticias Taldeak babestuta, eta Berriaren, Euskalerria Irratiaren eta Elkarren laguntzaz antolatuko dute.
Taldeko Urko Oskozek azaldu duenez, ikuskizunaren bitartez teknologia berrien egungo erabilera zalantzan jarri nahi dute. Pertsonaia nagusia Satorjator izango da, eta Eneko eta Nere pertsonaiekin batera bidaia bat egingo du, lurraren erdigunera. Ene Kantak-ek landu ohi dituen gaiak ere jorratuko dituzte: generoa, ingurugiroa...
Taldeak orain arte antolatu dituen jarduera guztietan sarrerak agortu dira, eta jende askok ezin izan ditu ikuskizunak ikusi. Hori dela eta, zerbait handiagoa egitea erabaki zuten, eta Txantreako Konpartsako kideei proposatu zieten Nafarroa Arenan ikuskizun bat antolatzea. Hori aurrera ateratzea adostu zutenean, proiektua “biderkatzea” bururatu zitzaien, lau tokitara eramateko.
Ekintzaren tamainaren jakitun dira antolatzaileak, baina “oso pozik” eta “gogotsu” daudela esan du Oskozek, “halako ekitaldirik ez baita inoiz ikusi”. Bestalde, Iruñeko areto hori zabaldu dutela aprobetxatu nahi izan dute: “Zerbait euskaraz egin nahi dugu han, eta haurrentzat”. Era berean, Nafarroan “oso errotuta” dauden erraldoiak beste hiri batzuetan ezagutarazi nahi dituzte.