Espainiako Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu Vianako (Nafarroa) enpresa batetik hamar tona brontze baino gehiago lapurtzea egotzita. Lapurtutako brontzea Bilboko txatartegi batean aurkitu zuten, edukiontzietan pilatuta eta zakuekin estalita. 10,625 tona brontze zeuden bertan.
Indarra erabiliz lapurtzea eta talde kriminaleko kide izatea egozten diete atxilotuei. 21 eta 34 urte arteko gizonak dira, eta Iruñean bizi ziren. Bilboko txatartegiaren arduraduna, berriz, ikertzen ari dira. Guardia Zibilaren esanetan, piezak erosi egiten zituen, «legez kanpo eskuratutakoak zirela bazekien arren». Lau atxilotuak epailearen esku utzi dituzte.
Guardia Zibilaren arabera, aurtengo otsailaren 24tik martxoaren 15era lapurtu zuten brontzea, nabe bateko paretan zuloa eginda. 20 eta 50 kilo arteko piezak ziren.
Atxilotuek nortasun eta matrikula faltsuak erabili zituzten lapurtutako brontzea legezko salmentaren merkatuan sartzeko.
Brontzea lapurtu zuten nabean hormak zulatzeko erabilitako tresnak aurkitu zituzten. Segurtasun kameretako irudiak ere erabili dituzte egileak identifikatzeko.