ETXEBIZITZA

Lau seme-alabako familia bat etxetik bota dute Iruñean, PAHren protestei bizkarra emanda

Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak "esku hartzeko" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, familia babesgabe gera ez dadin

Jende andana bildu da Lezkairun, PAH plataformak deituta, etxe kaleratze prozesua gelditzeko. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 25a
13:20
Entzun

Oraingoan ezin izan dute. Lau seme-alaba adingabe dituen familia bat etxetik bota dute Iruñean, Errotabidea higiezinen agentziak alokairu kontratua eten ostean. PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak deialdia egina zuen gaur goizean goiz Lezkairuko Zalduko kaleko 21. zenbakiaren aurrean protesta egiteko, eta dozenaka lagun batu dira elkarretaratzera.

Etxe kaleratzea azaroaren 21erako hitzartua zuten, baina PAHko kideen presentziari esker, idazkari judizialak atzera egin eta prozesua gaur arte atzeratzea erabaki zuen. Gaurkoan, ordea, Poliziak aurrea hartu die manifestariei: kaleko jantzitako zenbait polizia eraikinera sartu dira garajeko atetik, eta sarraila aldatzea lortu dute.

Plataformako 50 bat kide eraikinera sartu dira eta, eskaileran gora, giza harresi bat osatu dute etxebizitzaren aurrean, desjabetzea oztopatu nahian. Iruñeko lau udaltzain heldu dira une horretan, eta etxera sartzen saiatu dira, baina, jendetza ikusita, atzera egitea erabaki dute. Ordurako, baina, prozesua amaitua zegoen, eta sarraila, aldatuta.

"Gol bat sartu digute", aitortu du Josu Osta PAH taldeko kideak. "Arduratuegi genbiltzan kaleko ate nagusia blokeatzen saiatuz, eta poliziak atzeko atetik sartu zaizkigu". Etxebizitza horretan bizi zen familiaren lau seme-alabak eskolan ziren ordurako, eta Yulan ama zen barruan zegoen bakarra. Negar malkotan aterarazi dute kalera: "Esan digute gauza pertsonalak etxe barruan bagenituen bota eginen zituztela, denbora izan dugula aurreko egunetan horiek eramateko".

PAHko ordezkari Begoña Alfarok gaineratu du plataformak prest duela jada etxebizitza bat, behin-behineko irtenbide gisa: "Ziurta dezakegu Juan eta Yulanen familiak ez duela kalean lo eginen. Ez ditugu kale gorrian utziko. Gobernuak ukatu dien etxea emanen diegu gaur, denon artean, eta frogatuko dugu herritar antolatuak irits gaitezkeela gobernua iristen ez den tokiraino".

Hain zuzen, PAH plataformak esku hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Ostak adierazi du ardura administrazioak duela, kaleratze prozesua Errotabidea enpresak emanda ere: "Enpresak bere interesak ditu, baina gobernuaren erantzukizuna da herritarren eskubideak bermatzea, eta, kasu honetan, helduleku bat eskaini beharko lioke familia honi. Oraingoz, ez dute ezer egin".

Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako alokairu sozialak kudeatzen dituen agentzia da Errotabidea. "Juanek eta Yulanek hilabetero-hilabetero ordaindu dute alokairua, zintzo demonio, baina agentziak erabaki du kontratua ez berritzea eta lau seme-alabako familia bat kalean uztea, bizikidetza arazoak argudiatuta". PAHeko kideak gaineratu du ez dagoela ustezko bizikidetza arazo horien frogarik: "Ez da inon salaketarik aurkeztu, baina, egia izanen balitz ere, harrigarria iruditzen zaigu kaleratzea baimentzea, alternatibarik eskaini gabe".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.