Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, 8 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik

Akusatuak delitua aitortu du, eta zigor eskaera hamabi urtetik laura apaldu diote fiskaltzak eta akusazio partikularrak.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegia. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gipuzkoako Probintzia Auzitegia. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 16a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 8 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik. Gizonaren bikotekidearen iloba da neska.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu zuten akusatuarentzat, baina gizonak sexu erasoa egin zuela aitortu du gaur, epaiketa hasi baino lehen. Akusazioek aldatu egin dute gizonari egozten zioten delitua, eta apaldu egin dute zigor eskaera.

Zigortuak bi urte daramatza behin-behineko espetxealdian. Kartzelatik ateratakoan bost urtez egon beharko du zaintzapean; ezingo da neskarekin harremanetan jarri edo harengana hurbildu zortzi urtean, eta 8.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.

Fiskaltzaren arabera, gizonak eta neskak bat egin zuten neskaren amonaren etxean 2023ko abuztuaren 21ean. Haurrentzako filmak ikusten ari zirela, gizonak ukituak egin zizkion. Elkarren arteko konfiantza harremanaz eta bien adinen arteko aldeaz baliatzea egotzi dio fiskaltzak.

Zigor bat berretsi dute Nafarroan

Nafarroako Auzitegi Nagusiak, berriz, hamalau urteko kartzela zigorra berretsi du gizon batentzat, alabaordea modu jarraituan bortxatzeagatik. Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak zigortu zuen gizona, martxoan

Gizonaren defentsak argudiatu zuen alabaordeak onartu egin zituela sexu harremanak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, ordea, emakumearen deklarazioaren garrantzia nabarmendu du: epaiketan esan zuen inoiz ez zuela onartu aitaordearekin sexu harremanak izatea eta hark bortizkeria baliatu zuela. «Salaketa jarri zuenetik gertaerei eta egileari buruzko deklarazioari eutsi dio, inoiz ez du deklarazioa aldatu», azaldu du. «Sexu askatasunaren kontrako salaketa luzatzea ez da ezohikoa, ezta kasu honetan biktima adingabea ez bada ere».

Gainera, auzitegiak gogorarazi du frogek eta lekukoek esandakoek berretsi egin zutela emakumeak salatutakoa. Gizonak erasoak aitortu zituen emakumeari bidalitako audio batean. 

Nafarroako Auzitegi Nagusiarentzat, emakumearen egoera «itogarria» zen: akusatuak, sexu erasoez gain, eraso fisikoak ere egiten zizkion, ama etxean ez zegoenean, eta mugatu egin zuen emakumeak senarrarekin zuen komunikazioa —senarra Londresen bizi zen—.

Emakumearen jokabidean ez du nabari gizonarenganako gorroto, etsaitasun, ezinikusi, mendeku edo erresuminik.

Hamalau urteko kartzela zigorra betetakoan, zortzi urtez egon beharko du zaintzapean; ezingo da biktimarengandik 300 metro baino gutxiagora egon eta harekin harremanetan jarri hogei urtean; eta 60.000 euro ordaindu behar dizkio eragindako kalte moralagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.