Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote mutil bati, 9 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik

Mutila neskaren lehengusua da, eta neskaren familiarekin bizi zen. Zigorraren zati bat betetakoan, kanporatu egingo dute.

Nafarroako justizia jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako justizia jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE
jakes goikoetxea
2025eko maiatzaren 29a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio 21 urteko mutil bati, 9 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Mutila neskaren lehengusua da, eta neskaren familiarekin bizi ziren. 

Zigorrari buruzko akordioa lortu dute. Espetxean bi urte eta hiru hilabete egindakoan, espetxealdi osoa betetzera behartu ordez, zigortua Euskal Herritik eta Espainiatik kanporatuko dute zortzi urterako. 10.000 euro eman beharko dizkio neskari, eta zortzi urtean ezingo da ez harengandik 200 metro baino gutxiagora egon, ez harekin harremanetan jarri. Kartzela zigorra betetakoan, zaintzapean egon beharko du sei urtean. Fiskaltzak, akordioa lortu aurretik, bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen mutilarentzat.

Iazko martxoko egun batean, mutila eta neska etxean zeudela, mutila neskaren gainean etzan zen, eta haren kontra igurzten hasi zen, hazia isuri zuen arte. Neskari esan zion ez kontatzeko inori. Neskak trauma osteko estresaren sintomak eta antsietatea ditu.

Mutila atxilotu egin zuten iazko apirilean, eta behin-behinean espetxeratuta dago ordutik.

Bilbon atxilotua, aske

Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bilbon, emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita. Errekalde auzoko kiroldegiaren inguruan izan zen erasoa. Gizona aske utzi zuten atzo arratsaldean, baina epailearen aurrean deklaratzeko zain dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.