Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean Bilbon. Emakume bati sexu eraso bat egitea egotzi diote. Gizona Errekaldeko kiroldegitik gertu atzeman dute.
Pertsona batek SOS Deietara deitu du 10:00 aldera, eta jakinarazi kalean topatu duen emakume batek harramazkak eta ubelduak zituela, «ziurrenik erasoren bat jasan duelako». Ertzainak bertara joan dira, eta sexu erasoen biktimentzako protokoloa abiatu dute. Emakumea Basurtuko ospitalera eraman dute.
Ertzainek kanpadenda bat aurkitu dute inguruko mendi mazela batean, eta atxilotu egin dute barruan zegoen 25 urteko gizona. Hari egotzi diote emakumeari sexu erasoa egin izana. Zer gertatu den ikertzen ari dira.
Lau urteko kartzela zigorra, bortxaketagatik
Baionako Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio 30 urteko gizon bati, 45 urteko bikotekide ohia bortxatzeagatik. Zigorraren lau urteetatik bi eten egin dituzte. Gizonak emakumea bortxatu zuen 2022ko otsailean, gauean antsiolitikoak hartzera bultzatu eta gero. Gizonaren esanetan, bikote zirenean «ohitura» zuen bikotekidea sexu harremanak izanez esnatzeko, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez.
Emakumea bere etxea berritzen ari zen, Arbonan (Lapurdi), eta gizona laguntzen ari zitzaion. Eguneko lanak luzatu egin ziren, eta gizonak emakumeari eskatu zion gaua han pasatzen uzteko. Emakumeak antsiolitiko indartsu bat hartu zuen bezperan, eta gizonari esan zion konorterik gabe utzi zuela, ez zuela ezer gogoratzen. Hala ere, gizonak berriro hartzera bultzatu zuen. Gau horretan bortxatu egin zuen.
Emakumeak auzitegian esan zuenez, bikote harremana eten zutenean, 2021eko udan, gizonak zelatatu egiten zuen, eta jazarri egiten zion testu mezuen bitartez.