Gipuzkoako Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, hamahiru urteko mutil bati sexu erasoak egitea leporatuta. Astelehenean egingo dute epaiketa.
2021ean, ustezko erasotzailea biktimarekin harremanetan jarri zen sare sozialen bidez. Gizonak argazki intimoak bidali zizkion biktimari, adingabea zela jakinda. Urte hartako ekainean, mutilarekin geratu zen, Gipuzkoa barnealdeko herri batean, eta industria eremu batera eraman zuen. Bertan eraso egin zion.
Horren ondoren, nerabeak sare sozialetan blokeatu egin zuen gizona. Ondoren, biktimak blokeoa kendu zuen, eta gizonak eskaini zion sexu harremanak izatea diruaren truke. Hori dela eta, gazteak berriro blokeatu zuen.
Sexu erasoa egin izana egotzi dio Espainiako Fiskaltzak akusatuari. Lau urteko espetxe zigorra eskatzeaz gain, bost urtean biktimarengana ez hurbiltzea eta harekin ez komunikatzea eskatu du. Horrez gain, biktimarentzako 2.000 euroko kalte ordaina eskatu du.