Laudioko Udalaren arabera Pablo Gorostiagaren pregoilari izendapenaren debekua "zentzurik gabeko esku hartzea" da. Hiru egun zituen helegitea aurkezteko, eta gaur jakinarazi duenez, egingo du. Helegitean eskatuko dio epaileari debekua kentzeko "funtsik ez duelako" eta eurei galdetu gabe erabaki duelako. Gainera, izendapena herritarrek erabakitakoa dela argudiatu du, eta Udalak jai batzordearen erabakia babestu besterik ez duela egin. Zehazki, 21 hautagaien artetik aukeratu zuten Gorostiaga alkate ohia.
Epailearen erabakia "gehiegizkoa" dela dio gainera, "festak baldintzatzen dituelako". "Ulertzen zaila da 2013an egoera politiko desberdin batean horrelako jazarpen judiziala izatea", azaldu du ohar batean. Eta gogoratu du Gorostiaga hiru aldiz izan zela Laudioko alkate. Errespetua eskatu du, eta bere aldetik giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen lanean jarraituko duela esan du.
"Terrorismoaren biktimen duintasunaren kontra"
Gasteizko epaile Monica Basurtok bertan behera utzi du Laudioko Udalak (Araba) asteazkenean hasiko diren jaietarako egindako pregoilari izendapena. Pablo Gorostiaga alkate ohia zen pregoilari izatekoa, 18/98 auzigatik espetxeratua Herrera de la Manchan (Espainia). Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak egin zion eskaera epaileari izendapena bertan behera uzteko, "terrorismoaren biktimen duintasunaren kontra" zihoalakoan. "Erakunde terrorista batekin kolaboratzeagatik espetxeratutako pertsona bati babesa emateko modua da", argudiatu zuen.
Epailearen aginduaren ondorioz, jaietako egitarautik Gorostiagaren izendapena kendu beharko dute, eta ohartarazi du Basurtok Gorostiagaren izenean ezingo duela inork jaso izendapen hori, eta ezingo dutela modu berean pregoia irakurri. Neurri guztiak behinik behin hartu ditu epaileak, jaiak asteazkenean hasten direnez alde guztiek esateko dutena entzuteko aukera ez duela argudiatuta. Uztailaren hasieran izendatu zuen Laudioko Udalak Gorostiaga pregoilari, jai batzordeak egindako izendapena bere eginez. PSEk pregoiaren irakurketara ez joatea erabaki zuen, eta EAJk esan zuen ez zela hori "bakea eta elkarbizitza lortzen laguntzeko modurik onena".