Neurri berriak onartuko ditu Eusko Jaurlaritzak «laster», Iñigo Urkullu lehendakariak adierazitakoaren arabera. Laugarren Bizi Berri plana izango da, eta uztaila eta urriaren artean egongo da indarrean: pandemiaren aurkako legearen babespean ezarriko dute. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako talde immunitatea udan zehar lortzea aurreikusi du.
Eusko Legebiltzarrean pandemiaren aurkako legearen inguruan egin duten kontrol saioan egin ditu adierazpenok Urkulluk. Legea beharrezkoa dela azpimarratu du lehendakariak, COVID-19aren hedapena hesitzeko neurriak hartu ahal izateko. Hori horrela, azaldu du legeak «espreski» babestuko duela laugarren Bizi Berri plana. «Datuak egunean egunean hobeak dira, baina agertoki ezberdinak aurreikusi behar ditugu. Lege honekin horretarako prest gaude».