Udalen osaketa. Bilbo

Laugarrenez alkatetza hartu, eta antolaketa aldatu du Azkunak

BilboGehiengo osoa izanik, beste babesik ez du behar izan Azkunak; udal gobernua nola osatuko duen azaldu du

Iñaki Azkuna, atzo, laugarren aldiz alkate aukeratuta, Bilboko udaletxeko batzar aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sorpresarik gabe, laugarrenez hartu du Bilboko alkate makila Iñaki Azkunak (EAJ). Oraingoan, gainera, sekula baino lasaitasun handiagoarekin: gehiengo osoarekin, eta beste alderdien babesik behar izan gabe. Bilduren sarrerarekin oposizioan lehiakide gogorra izango duen arren, aurrerantzean ere jaun eta jabe izango da Azkuna. Bilboko Udala bere erara zuzentzen jarraituko duela pentsa daiteke. Atzo bertan, aginte makila hartu eta ordubetera, gobernuan aldaketak egingo dituela iragarri zuen, laugarren agintaldiko lehen prentsaurrekoa eginda. Kudeaketa eredu berria ezarriko duela jakinarazi zuen. Sail eta zuzendaritza kopuruak murriztuko dituela, administrazio eredu arinagoa izateko helburuarekin. Eraginkortasunaren, arrazionaltasunaren eta austeritatearen izenean, sei koordinazio eremutan bilduko ditu sail eta zuzendaritza guztiak.

Beste erabaki esanguratsu bat ere hartu zuen Gobernu Batzarrak, eratu eta minutu gutxira egindako lehen bileran: Iñaki Aldekoa, Azkunaren konfiantzazko gizona, urteetan aritu da haren aholkulari gisa, eta haren lekua indartuko du udalean, horretarako kargu berezia sortuta. Udalaren Gobernu Batzordeko kide izango da Aldekoa, eta udalbatzarrean parte hartu ahal izango du, zinegotzi izan gabe ere. Ahotsa izango du, botorako eskubiderik izan ez arren. Horrez gain, Politika Ekonomikoaren eta Plangintzaren koordinatzailea izango da, eta Alkatetza Sailaren ordezkaria.

Kide guztiak jeltzaleak izango dituen gobernuko lehen alkateordea Ibon Areso izango da, bigarrena Ibone Bengoetxea eta hirugarrena Jose Luis Sabas.

Hauteskundeetan gehiengo osoa lortuta, bere alderdikideen botoak nahikoa zituen Azkunak alkate izateko. Sorpresarako tarterik ez zegoen, beraz, atzoko bozketan. Eta, bereak nahikoa izanik, beste inork ez zuen egin Azkunaren alkatetzaren alde. PPko sei ordezkariek eta batzar aretoan horien ondoan esertzen diren Bilduko laurek nork bere hautagaiari eman zioten alkatetzarako botoa; Cristina Ruizi PPkoek, eta Txema Azkuenagari Bildukoek. Koalizioko kideen beste alboan esertzen diren PSE-EEko lau zinegotziek boto zuria eman zuten. «Azkunak ez baititu gure botoak behar», adierazi zuten.

Errespetua izan zen nagusi udalbatzaren osaketan. Oposizioaren aldean esertzen diren ordezkariek ongietorri agurrak izan zituzten. Bilduk PPren eta PSE-EEren tartean du lekua. Eserlekuak hartzerakoan, konplizitate keinuekin agurtu ziren Txema Azkuenaga Bilduren bozeramailea eta Txema Oleaga PSE-EErena; elkarrizketa adeitsuan ere aritu ziren. Aurrez, Cristina Ruiz PPren bozeramaileak ere bina musu emanda agurtu zituen koalizioko kideak.

Kargua betetzeko hitza eman eta udalbatza eratu ondoren, oposizioko talde guztietako ordezkariek erabili zuten hitza hartzeko aukera. Oleaga izan zen lehena, eta euskaraz hasi zuen hizketaldia. Udalkide guztiak agurtu, eta horien «lan bakarra» zerbitzu publikoak bermatzea dela esan zuen, bere taldeak «oposizio zintzoa» egingo duela aginduta.

Bakegintzari begira

«Bakearen agintaldia izateko nahia» ere azaldu zuen PSEko eledunak. «Inor ez dadila mehatxatuta egon». Hori hala izan dadin lan egingo duela hitzeman zuen.

Azkuenagak Bilduren izenean esan zuen «Bilbo eraldatzeko eta Euskal Herriarentzako aldaketa politiko eta soziala hitzetatik ekintzetara eramateko» lanean jardungo duela. Horretarako, adierazi zuen «ordezkaritzarik lortu ez duten soberanista eta ezkerrekoak» zein «euren burua udalean ordezkatuta ikusten ez dutenak» ez dituztela bazterrean utziko. Une horretan udaletxearen kanpoaldean protestan ari ziren M-15 mugimendukoak espresuki aipatu zituen. Eta, biltzarra amaitu ondoren, haiei elkarlana eskaintzera joan zen Bilduren ordezkaritza udaletxe kanpora.

Auzo eta hiritarren beharretan eta parte hartzean oinarritutako hiri ereduaren alde egin eta erreferendumak egitea proposatu ondoren, Euskal Herrian normalizazio demokratikoa lortzearen alde lan egingo dutela hitzeman zuen Bildukoak. «Guztion giza eskubideak, eskubide zibil, politiko eta sozialak» onar daitezen arituko direla, euskal presoen eskubideak barne. Bide horretan, Gernikako Akordioa sustatuko dute.

PPko Ruizek, «terrorismoa oraindik bizirik» dagoela esan, eta hori garaitzeko borrokan jarraitzearen alde egin zuen.

«Datozen lau urteotan Euskadin bakegintza behin betiko mamitu dadin desio sutsua» azaldu zuen Azkunak, alkate kargua hartu eta gero: «Gure arazoen irtenbidea mozketarik gabeko politika izan dadin nahi dugu» ; «bakearekin eta hitzarekin» soilik aritzekoa. Hartara, inori bere ideiak azaltzen debekatuko ez zaion esperantza azaldu zuen; «zorionez iraganeko garaiak direnak» errepikatuko ez diren esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.