Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteen alde joan den larunbatean Iruñean egindako manifestazioa "historikoa" izan zen Nafarroako Gobernua babesten duten indar politikoentzat. Koldo Martinez Geroa Bai-ko bozeramaileak adierazi du "Iruñeko kaleak zeharkatu dituen manifestazio handiena" izan zela eta "gizalege demokratiko harrigarriz" egin zutela. Gainera, gogorarazi du parte hartu zutenen artean egon zirela Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria eta Bernardo Atxaga idazlea: "Kopurua garrantzitsua da, baina baita pertsonen kalitatea ere".
Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak ere historikotzat jo du larunbatekoa, eta uste du "agerian" geratu zela gizarteak "inola ere" ez duela onartzen Altsasun 2016ko urriaren 15eko goizaldean gertatutakoaren "irakurketa judiziala", ezta "neurrigabekeria politikoa, juridikoa eta mediatikoa ere". Araizen iritziz, "mendeku judizial baten saioak erantzun historikoa" jaso zuen, eta, beraz, "batek baino gehiagok bere buruari galdetu beharko lioke honi termino hauetan eutsi behar zaion".
Carlos Couso Ahal Dugu-ko ildo kritikoko bozeramaileak azpimarratu du "aspaldiko manifestazio jendetsuena" izan zela, eta "tamalgarri" jo du herritarrak "kalera atera behar izatea justizia eske". Gaur adierazpenik egin ez arren, Ezkerrak ere parte hartu zuen larunbateko martxan.
UPN eta PPN, ordea, kritiko azaldu dira Uxue Barkosen gobernuarekin, Maria Solana gobernuko bozeramaileak mobilizazioan parte hartu zuela eta. Javier Esparza UPNko presidenteak Barkosi leporatu dio "interesatzen zaion gizartearen parte bat baino" ez entzutea, eta, aldiz, aintzat ez hartzea gobernuaren hizkuntz politikaren aurka eta "Nafarroako banderaren alde" eginiko bi manifestazio "jendetsuak".
Ana Beltran PPNko bozeramaileak ere egotzi dio "nafar guztien izenean justiziaren aurka posizionatu" eta "bi guardia zibilei eta horien bikotekideei modu bortitzean eraso zietenak" babestu izana; are, Barkosek "bere burua epailetzat" jotzea eta "totalitarismo keinuak" izatea aurpegiratu dio.
80.000 lagunetik gora elkartu ziren larunbateko martxan, Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteak aska ditzatela eskatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zizkien zazpi auzipeturi, eta bi urtekoa beste bati. Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen iragan ostegunean, eta eskatu zortzi auzipetuak terrorismo delituengatik zigortzeko. Guztira, 375 urteko zigorrak galdegin ditu fiskalak zortzi gazteentzat.