foru hauteskundeak

Laura Perez, Nafarroako Ahal Dugu-ren lehendakarigai

Nafarroako primarioetako %75en babesa du. Araban, Koldo Martinek jaso du boz gehien; Bizkaian, Neskutz Rodriguezek; eta Gipuzkoan, Juantxo Iturriak

Laura Perez, martxoaren 23an, Iruñean, primarioetarako bere taldearen aurkezpenean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 2a
18:59
Entzun

Laura Perez (Iruñea, 34 urte) izango da Nafarroako Podemos Ahal Dugu-ren lehendakarigaia parlamenturako hauteskundeetarako. Alderdi barruan bigarren koska gainditu du. Idazkari nagusi izateko primarioetan irabazi zuen lehenik, Espainiako zuzendaritzaren ildokoa ez zen arren. Eta lehendakarigai izateko bozketan gailendu da orain, atzo jakin zenez. Hala ere, Nafarroako parte hartzearen %23,8, boto zuriak izan dira. Ondorioz, bozen ondoren aztertu beharko da aliantzen inguruan zer giro egon litekeen Nafarroako Ahal Dugu-n.

Hemezortzi laguneko zerrenda aurkeztu zuen hark. Haien artean dira Mikel Buil, Tere Saez, Carlos Couso eta PSNko kide ohi Ainhoa Aznarez. Haiena zen hautagaitza talde bakarra. Aurkeztutako besteak norbanako gisa zihoazen. Perezen lehiakide ziren Francisco Espinosa —%15,23ko babesa— eta Juan Carlos Alutiz (%8,83).

EAEn foru bozetarako primarioak egin dituzte, eta Denok Bat hautagaitza «bateratukoa» nagusitu da. Gipuzkoan Juantxo Iturriak (Donostia, 33 urte) jaso du boto gehien; Bizkaian, Neskutz Rodriguezek (Durango, 34 urte), eta Araban, Koldo Martinek (Basauri, 66 urte). Erkidegoko kontseilu bilera hilaren 11n egingo dute, eta ikusi beharko da haiek jotzen dituzten ahaldungai nagusi. Alderdiko iturri batzuek diote hori litzatekeela "logikoena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.