Lautada ikastola, geroari begira

Ekainaren 19an egingo dute Arabako ikastolen aldeko jaia, Agurainen, 2010etik bigarren aldiz

Arrieta, Perez de Villarreal eta Rodriguez, leloaren eta logotipoaren aurrean, atzoko agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lautada ikastola datorren urteko Araba Euskaraz jaia prestatzen hasi da jadanik. Ekainaren 19an izango da Arabako ikastolen egun handia, eta egun hori baliatuko dute jaia azkenengoz egin zutenetik egindako bidea erakusteko. 2010ean, jaia azkenengoz egin zutenean, Lautada ikastolak ikasturte bat zeraman martxan. Duela bost urte, Gogo biziz izan zen leloa, hastapenetako irrika islatuz. Datorren urteko jaiak Geroari begira leloa izango du, gainditutako oztopoen ostean aurrean dauden erronka eta ilusioei erreparatzeko.

«Euskara gure egunerokoan dago; gure orainaldia eta gure geroa izango da», azaldu zuen Josu Perez de Villarreal Lautada ikastolako ordezkariak, atzo emandako prentsaurrekoan. Aurrera begirako erronka horietan, halaber, Aguraingo eta eskualdeko eragileekin batera aurrera egiteko ilusioa plazaratu zuen.

Ekainaren 19ko ekintzak prestatzeko bide luzea falta bada ere, Lautada ikastolak argi du nor omenduko duen. Euskara berreskuratzeko lanetan ikasle adingabeek ez ezik helduek ere baduten ardura nabarmendu du Txus Rodriguez ikastolako zuzendariak. «Aguraingo AEK izango da aurtengo omendua, urteetan helduen euskalduntzean egindako lanari aitortza egiteko».

Zortzi urte, hamaika traba

Xabier Arrieta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko ordezkariak oroitarazi du Lautada ikastolak zenbait arazo gainditu dituela, batez ere ekonomikoak eta pedagogikoak. Ikastolak 2008an eman zituen lehen pausoak, Mariaren Bihotza ikastetxea kudeatzen zuen ordena erlijiosoak alde egin zuenean. Gurasoek ikastetxea erosi zuten, Arabako Ikastolen Federazioan sartu, baita hobekuntza lanak egin ere, inbertsio handiak eginda. 2010eko Araba Euskaraz jaiak hasierako beharrei erantzuten lagundu zien.

Bestalde, ordura arte A eta B eredua izateak aldaketa sakona behartu zuen eremu pedagogikoan. «Harrotasunez esan dezakegu Agurainen D ereduan matrikulatzen direla haur guztiak, eta geroari begira ilusio eta indarra dugu», nabarmendu du Arrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.