Ibarretxeren Plana

Lege prozedura arrunta jarraituko du Eusko Legebiltzarrak estatutu berriaren proposamena tramitatzeko

Lege prozedura arrunta jarraituko dute Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren estatutu berriaren proposamena aztertzeko eta eztabaidateko, baina, hala ere, ez du lege egitasmo izendapena jaso. Aitzitik, Estatutuaren erreformarako proposamen izendatzea erabaki du Legebiltzarreko Mahaiak. Halaber, gehiengo absolutua beharko du ekimenak aurrera ateratzeko. Legebiltzarreko Mahaiko gaurko bilkuran estatutu berriaren proposamena tramitera onartzearen alde bozkatu dute EAJk, EAk eta EB-IUk; aurka, berriz, PPk eta PSE-EEk.

2003ko azaroaren 4a
15:45
Entzun
Lehendabizi, aldizkari ofizialean argitaratuko dute datorren ostiralean. Ondoren, hamabost eguneko epea zabalduko da proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta beste hamabost egunez ere luza daiteke epe hori. Hori dela eta, zuzenketa proposamenak jasota, proposamena berriro Legebiltzarrera abenduan helduko dela pentsatzen da.

Abenduan, ordea, ezingo diote Estatutuaren erreformarako proposamenari heldu, legebiltzarkideak aurrekontuen eztabaidan egongo baitira bete-betean. Urtarrilean, berriz, Legebiltzarreko jarduna etenda egoten da, eta, beraz, otsailean hasiko da eztabaida.

Lehendabizi, batzordean egingo da eztabaida, eta litekeena da gai horren inguruko ponentzia bat sortzea. Azkenik, arazorik ezean, datorren urteko irailean egingo da estatutu berriaren proposamena onartu edo ez erabakitzeko osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Gehiengo absolutua beharko da onartzeko.

Hala ere, oraindik aski zalantza daude Ibarretxeren Planaren etorkizunaren inguruan. Izan ere, Espainiako Gobernuak iragarri du ekimen horren aurkako helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean, eta Konstituzionalak helegitea aintzat hartzea nahikoa da tramitazioa eteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.