Legea beteko duenez legeztatu behar dutela dio ezker abertzaleak

Adierazi du udaletan premiazkoa den aldaketarako bermea dela «dagoen ustelkeria eta diru xahuketak ikusirik»

Unai Urruzuno, Miren Legorburu, Fermin Irigoien eta Asier Agirre, ezker abertzaleko kideak, atzo emandako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak argi dauka legeztatu behar dutela; «eskubidea» dela dio, eta «beharra» ere badela. Hortaz, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak legezko alderdi gisa parte hartuko duen esperantza agertu du Miren Legorburuk, ezker abertzaleko udal hautetsien izenean: «Legea beteko dugula esana dugu, eta legea betetzen duena legezkoa da; dagokigun eskubidea da, eta legea betetzen duena legez kanpo utziko balitz, ez litzateke justiziarik egongo».

Ezker abertzaleak aldebakarreko apustua egina duela azaldu du Legorburuk. Alderdi berria sortzera doala ere gogoratu du, eta horretarako aurkeztuko dituen estatutuek legea beteko dutela. Alderdi berri hori datozen udal hauteskundeen aurretik aurkeztuko dute, eta, beraz, uste du ezker abertzaleak ez lukeela udaletan eta batzar nagusietan parte hartzeko inolako arazorik izan behar, «gainerako eragileek egiten dutena eginda ere».

Hain zuzen, ETAren jarrerak ezker abertzalea legeztatzeko aukera baldintzatuko duen galdetuta, gauzak bereizi egin behar direla azaldu du Legorburuk: «Ezker abertzalea legeztatzea ez dago beste eragileek egiten dutenaren menpe. Ezker abertzaleak legea beteko du, eta, beraz, legeztatu behar dute». Gernikako Akordioa sinatu izana jarri du legea beteko duen baieztapenaren adibide, akordio hori «gaur-gaurkoa» dela eta ezker abertzaleak berretsi egiten duela esan ondoren.

Kudeaketa «negargarria»

Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu eta udaletan zein aldundietan egotea «ezinbestekoa» dela uste du, gainera, Legorburuk. Udalek «haize berria» eta aldaketa behar dituztela esan du, ezker abertzalea kanporatua izan den udaletan kudeaketa «negargarria» izan delako.

Duela lau urte hasi eta aurten amaitzen den legealdiaren balorazioa egiteko beste zortzi hautetsirekin egindako agerraldian esan ditu horiek guztiak Legorburuk. Eta, lau urteotako egoera azaltzerakoan, agerraldiko mahaian egon diren kideen kasuak azaldu ditu, bizitako egoeren erakusgarri gisa.

Asier Agirre Aramaioko alkatea izan du, esaterako, mahaikide. Abiadura handiko trena Arabako herri horretatik igaroko da, eta Agirrek, alkate gisa, AHTari buruzko iritzia jasotzeko herri kontsulta bat egin zuen. Inhabilitatu egin zuten hargatik.

Legorbururekin batera bozeramaile gisa aritu den Fermin Irigoien Berriozarko zinegotzia da. Herriko jaietako txupinean presoen eta ikurrinaren aldeko aldarria egiteagatik zigortu zuten.

Unai Urruzuno izan da mahaian eserita egon den beste kidea. Duela lau urte jasotako botoen arabera, Ondarroako alkate behar luke, baina, ezker abertzalearen zerrenda baliogabetu ondoren, udaletik kanporatu zuten.

Ezker abertzaleak herrietan egin dituenen erakusle gisa izan da Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatea. Atez ateko zabor bilketa jarri du martxan Oiartzunen.

Duela lau urte herritarren ahotsa udaletara eramango zutela hitz eman zutela gogoratu dute Legorburuk eta Irigoienek. Lan horri sutsu ekin diotela esan dute: emandako hitza bete dutela. Eta, aurrerantzean ere, oztopoak oztopo, lan horretan «tinko» jarraituko dutela agindu dute.

Baina amaitzear den legealdian udal asko «bortxatuta» egon direla ohartarazi dute, eta hori «igarri» egin dela udalen kudeaketan. Ezker abertzalea udaletatik kanporatu duten lekuetan kudeaketa «negargarria» izan dela salatu dute. «Ustelkeria, diru xahuketa, itxikeria, iluntasuna, soldata onartezinak, pribatizazioa, beharrezko ez diren azpiegitura erraldoiak eta zergen igoera onartezinak» izan direla nagusi, PSE-EEren, EAJren eta UPNren eskutik.

Hortaz, kudeaketa eredu berriei eustea beharrezkoa dela adierazi dute, eta ezker abertzalea dela aldaketa horretarako «bermea». Hain zuzen, udalak «garbitu, berritu, demokratizatu eta herritarren parte-hartzeari ireki» nahi ditu ezker abertzaleak aurrera begira, «udalak herritarrenak direlako».

Legorburu eta Irigoienen hitzetan, bide horretan aritu da lanean ezker abertzalea, «gehienetan xoxik kobratu gabe», horrek inhabilitazioa eta kartzela ere ekarri dien arren. Hala ere, bide horri eutsiko diotela agindu dute, eta herritarrek behar duten aldaketa politiko eta sozialerako «eskubide guztiak onartuak eta errespetatuak izango diren prozesu demokratikoaren premia» aldarrikatu dute: ezker abertzalea legeztatzea eta hurrengo udal hauteskundeetan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.