Alderdien Legeari esker eta PPren eskutik iritsi zen Patxi Lopez Ajuria Enera, duela hiru urte luze. Orduz geroztik, PPrekin sinatu zuen akordioaren menpe egon da lehendakaria, mugatutaeta eskuak lotuta erabakiak hartzeko orduan, eta ekimena hartzeko gaitasun gutxirekin. Agintea hartu zuenean, horretarako zilegitasunik ez zuela leporatu zion oposizioak: Alderdien Legeaz baliatzea, agintea PPren eskutik lortzea eta gobernu «frontista» eratzea egotzi zioten EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk. Lopezek, ordea,gobernu «egonkorra eta sendoa» izango zuela eta denekin hitz egingo zuela agindu zien inbestidura saioan. Ordea, PPrekin egindako akordioak baldintzatuta gobernatu behar izan dulegealdi osoan, eta talde horren babesa galdu duenean, nekez atera izan ditu aurrera legerik eta proiektu garrantzitsurik.
PSE-EErekin 2009tik sinatutako ituna hautsi zuen Antonio Basagoiti PPko buruak aurtengo maiatzean, eta hortik aurrera Jaurlaritza estu ibili da, oso, aurreikusita zeuzkan legeegitasmo eta proiektuak onartzeko. Lehendakariak hauteskundeak urriaren 21era aurreratzeko erabakia hartu eta gero, hainbat lege bidean geratuko zaizkio gobernuari. Zehazki, hamahiru lege proiektu bertan behera utziko ditu, eta hurrengo legealdian eratzen den legebiltzarrak tramitatzeko zain geratuko dira. Zehazki, hauek dira bertan behera geratu direnlege proiektuak: Klima Aldaketarako Legea, Poliziarena, Larrialdien Kudeaketarena, Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeen Legea aldatzekoa, Paisaiarena,Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzkoa, Mugikortasun Jasangarriari buruzkoa, Portuena, Emakume NekazarienEstatutuari buruzkoa, Enplegu Publikoarena eta Udal Legearena.
Sozialistak Ajuria Enera iritsi zirenetik, Eusko Legebiltzarrak 34 lege onartu ditu: horietako 18 azken bilkura saioan atera ditu aurrera, eta beste 11 PSE-PP akordioa hautsi zenetik onartu ditu. PSE Eusko Jaurlaritzara iritsi zenean egindako aurreikuspenak, ordea, harago zihoazen: Lopezek agintea hartu zuenean, lau urtean 50 lege aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen.
Udal Legea, berriro
Legealdi osoan bazkide izan duen alderdiaren babesa galdu eta gero,batez ere bi lege egitasmo aurrera ateratzeko ahaleginetan ibili da Jaurlaritza azken hilabetotan: Kutxen Legea eta Udal Legea. Lehena aurrera ateratzea lortu zuen ekainean,nahiz eta lege horrren edukirik mamitsuenak EAJren eta PPren artean hitzartu zituzten. Bigarrena berriro ere bidean geratu da, onartu gabe.
Urteetan buruhauste handia izan da Udal Legearen tramitazioa Jaurlaritzarentzat.Izan ere, 30 urtez aplikatu gabe egon da lege hori, Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko desadostasunen ondorioz. Etengabe atzeratu da lege horren onarpena, eta gobernu batek ere ez du lortu adostasun nahikorik aurrera ateratzeko. Legealdi honetan ere ez, bistan denez. EAJk, PPk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak iragarri zuten zuzenketak aurkeztuko zizkiotela proiektuari, baina hil honen 11n amaitu zen horretarako epea, eta osoko zuzenketarik ez zeukaten aurkeztuta taldeek. Legearen inguruan akordioak lortzeko borondatea agertu zuen Jaurlaritzak hasieran, baina lege izarrak datorren legealdira arte itxaron beharko du.
Antzeko bide bati jarraitu dio Gazteriaren Legeak ere. PSEk PPrekin zuen itunaren hausturak ondorio zuzena izan du lege horren tramitazioan. PPk abstenitzea erabaki zuen osoko bilkuran, eta, ondorioz, Legebiltzarrak atzera bota zuen lege proiektua. Gainera, EAJk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak proiektua gobernuari itzultzearen alde bozkatu zuten, eta PSE bakarrik geratu zen lege egitasmoaren defentsan.
Gazteriaren Legeak ez ezik, Etxebizitza Legeak ere datorren legealdira arte itxaron beharko du onartua izateko. Epez estu eta aurrera ateratzeko babesik gabe zegoela onartu zuen Jaurlaritzako gobernu kontseiluak etxebizitzaren gaineko eskubide objektiboa jasotzen duen lege egitasmoa,ekainean, bainahura tramitatzen hasteko denborarik ez du izan Eusko Legebiltzarrak.
Poliziaren biktimen dekretua
Biktimen auzian, Eusko Jaurlaritzak urratsak egin ditu, aurrenekoz, Estatuaren indarkeriaren biktimei jasanarazi zaien sufrimendua eta bidegabekeria aitortu eta erreparatzeko bidean. Hala, aurten dekretu bat onartu du aitorpena eta ordaina emateko 1960 eta 1978 bitartean estatuaren gehiegikeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktima batzuei. Beste dekretu bat ere egin asmo zuen gobernuak 1979tik orain arteko kasuekin, baina, denbora faltagatik, ez du aurrera aterako.
Ibilbide laburra izan du, bestetik, Eusko Legebiltzarrean eratu den Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldeak. Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideen ekimenez sortu zen lantaldea, baina Patxi Lopez lehendakariak ere antzeko batzorde txostengile bat sortzea proposatu zuen legebiltzarrean bake bidean aurrera egiteko neurriak iragarri zituenean.
Lantaldea apirilaren 23an eratu zen, eta zortzi aldiz bildu da. Hankamotz jaio zen, gainera: EA, Aralar eta UPDko ordezkaririk gabe, eta ezker abertzaleko kideei parte hartzea bermatu gabe. PPk bertan parte hartzea erabaki bazuen ere, ez zuen onartu ezker abertzaleko ordezkariak gonbidatzea, eta maiz parte hartzeari uko egin zion. Eratu zenetik, laburra izan da oso lantalde horren ibilbidea, eta hurrengo legealdian eratzen den legebiltzarraren esku egongo da batzorde hori berriro osatu ala ez erabakitzea.
Ikusteko dago, halaber, Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin zer gertatzen den. EAJk, PSEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik botatako hiru legebiltzarkideek babestu zuten institutua sortzeko lege ekinaldia, baina tramitatzeke geratu da legebiltzarrean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Patxi Lopezen agintaldia
Legealdi hasieratik, eskuak lotuta
PPrekin zuen itunaren menpe jardun du Jaurlaritzak, eta akordio hori hautsi denetik nekez onartu ahal izan du lege egitasmorikLegealdi honetan 34 lege onartu ditu Jaurlaritzak, aurreikusitako 50etik urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu