Idoia Zenarrutzabeitiak azpimarratu duenez, ez da ETAk gisa honetako agiria kaleratzen duen lehen aldia. Hala ere, euskal gizartea heldua dela dio, eta etorkizunari buruz erabaki nahi duela. "Horretarako ez dugu behar horrelako sargenturik, gauzak nola konpontzen diren esateko. Helduak gera, eta gure artean bakearen eta demokraziaren bidetik konpondu nahi ditugu gure azaroak".
Orain, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko garaia dela uste du Zenarrutzabeitiak. PSE-EEk proposamena baduela esan arren, proposamen hori ez dutela Legebiltzarrera eraman salatu du. Esan duenez, "Batasunak bere emendakinak eraman ditu legebiltzarrera, baina bestalde, beraien proposamen propioa kaleratuko dute. Ba ez! parlamentuko momentua da. Han gure herriko ordezkari guztiak daude".
Azpimarratu duenez, alderdi guztiek izan dute beraien alternatiba aurkezteko aukera, baina hori ez du inork egin. Astero astero eztabaidatu behar da orain, eta bakoitzak bere posizioa azalduko du. "Garrantzitsua da Legebiltzarrean eztabaida hori egitea" dio.
Gaineratu duenez, SAk proposamena blokeatzen badu, ez dute utziko "euskadiko biztanleek kontsulta batean parte hartzea".
Egibarrek dio bide politikoen alde egin behar dela
EAJko bozeramaile Joseba Egibarrek esan duenez, "herriak eskertuko luke ETAk bide politikoen alde egingo balu". Izan ere, hori "politikaren garapenerako bide berri baten hasiera izan daiteke" bere iritzian.
Horregaitik, "bide berrien alde" apustu egiten duela esaten dutenean, bide politiko eta demokratikoaren alde egiteko asmoa ote duen galdetu dio Egibarrek ETAri.
Permachen ustez garbi geratu da ETAk duen bake borondatea
Batasunako bozeramaile Joseba Permachek esan duenez, ETAk argi eta garbi erakutsi du bere bakerako borondatea. "Gatazka gainditzeko aukera berri baten aurrean gaude" dio.
Komunikatu horrekin bere borondatea argi eta garbi azaldu du ETAk, Permachen iritzian, "behin betiko gatazkaren konponbidea" bilatzea, hain zuzen ere.
EAren ustez berrikuntzarik ez
EAko bozeramaile Onintza Lasak, esan duenez berriz, ETAren komunikatuak ez dakar berrikuntzarik, eta esan duenez, "ETAK beste behin ere protagonista izan nahi du".
"Autogobernu gehiagoren alde" lan asko egiten ari direla azpimarratu du, eta ETAk, bihen bitartean "giza eskubideak zapaldu besterik ez duela egiten".
Aralarren ustez autokritika falta da
Aralarrek jakinarazi duenez, ETAren agirian ez dute "inolako autokritikarik sumatzen", eta aurtokritika horrek egon egin beharko lukeela azpimarratu dute, "1998ko su-etena hautsi zuenetik hona izan duen ibilbidea kaltegarria izan delako".
Esan dutenez, "su-etena ez eskaintzea da ETAren agiriaren hutsunerik aipagarriena, berriro ere gizartean eta abertzaleen artean gehienek eskatzen dutenari muzin eginez".
Politika
"Legebiltzarrean eztabaidatzeko garaia" dela erantzun dio ETAri Jaurlaritzak
Euskal gizarteak ez duela "sarjenturik" behar eta oraingoa "Legebiltzarrean eztabaidatzeko garaia" dela erantzun dio ETAren azken agiriari Idoia Zenarrutzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak. EAJko Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrek, ordea, harrera hobea egin dio: herriak ETAk bide politikoen eta demokratikoen aldeko apostua egitea eskertuko lukeela iritzi dio, eta garapen politikorako beste bide baten abiaburua litzatekeela. Batasunaren ustez argi geratu da ETAk bakerako borondatea duela, EA eta EBren iritziz ez du berritasunik ekarri, eta Aralarrek autokritika falta sumatu du ETAren agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu