Ez da ezusterik izan Eusko Legebiltzarreko mahaiaren osaketan. Bakartxo Tejeria zen presidente izateko hautagai bakarra, eta harentzat da kargua. Ordea, bigarren bozketan izendatu dute. Izan ere, lehenengoan ez du gehiengo osorik lortu —aldeko 37 boto eta 38 abstentzio izan ditu—.
Datozen hilabeteetako erronkak izan ditu hizpide Tejeriak, mahaiko presidente gisa egindako lehen agerraldian. Zentzu horretan, autogobernurako ponentzian aurrera egiteko borondatea nabarmendu du "muga bakar gisa herritarren borondatea" jarriz. "Estatus juridiko eta politiko berri bat eskuratu behar dugu, herri honetako gizon eta emakumeek eskatzen duten estatus bat".
EH Bilduko Eva Blancorentzat —aldeko 38 boto— eta PSE-EEko Txarlo Prietorentzat —28 boto— izan dira lehen eta bigarren presidenteordetzak, hurrenez hurren. Idazkaritzak, berriz, Elkarrekin Podemoseko Cristina Makazaga —28 boto— eta EAJko Iñigo Iturraterentzat —38 boto— izan dira.
PPko Anton Danboreneak ere aurkeztu du idazkaritzarako hautagaitza, baina bedertzi boto soilik jaso ditu. Hortaz, mahaitik kanpo geratu da PP. Era horretan eratuta geratu da XI. legealdiko Eusko Legebiltzarreko mahaia.
Legebiltzarra eta mahaia osatuta, behin-behineko bateraezintasunen batzordea aukeratuko dute hurrengo osoko bilkuran. Datorren ostegunean izango da hori. Hogei egun ditu bartzorde horrek osoko bilkura batean bere txostena aurkezteko. Osoko bilkura horren amaieran, inbestidurarako eguna ezarri behar du mahaiko presidenteak.