IMANOL MURUA URIA
Egunkaria-ko zazpi auzipetuen aurka epaiketa egitea legearen araberakoa ez litzatekeela berretsi diote defentsako abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen salari, eta epaiketarik egin gabe sumarioa artxibatzeko eskatu berriro. Epaiketa ez egitea eskatzeko azken aukera baliatu dute horrela abokatuek, hamasei orrialdeko idatziaren bidez, aurretiaz erabaki beharreko artikuluaren prozedura baliatuta. Epaimahaiak eskaera hori errefusatzen baldin badu, epaiketa egin egingo da erremediorik gabe.
Joxe Mari Elosuak eta Iñigo Iruinek aurkeztu dute idatzia, Egunkaria SAren eta Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria auzipetuen izenean. Beste hiru auzipetuak Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria eta Txema Auzmendi dira.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak joan den maiatzaren 7an erabaki zuen ahozko epaiketa zabaltzea, fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zion arren eta, akusazio partikularrik ez dagoenez, herri akusazioaren eskaera besterik ez zeukala. Defentsako abokatuek helegitea jarri zioten erabakiari, Prozedura Kriminaleko Legearen arabera herri akusazioaren eskaera epaiketa egiteko ez dela nahikoa argudiatuta.
Auzitegiak ez zuen onartu helegitea, eta behin-behineko ondorioen idatziak aurkezteko epea ireki zuen: akusaziorik ez duela aurkeztuko berretsi zuen fiskalak; 14na eta 12na urteko espetxe zigorrak eskatu zituen zazpi auzipetuentzat Dignidad y Justicia elkarteak; AVT elkarteak honezkero kalifikazio idatzia aurkeztua behar du, baina aldeei ez zaie idatzi horren berririk eman; eta orain defentsako abokatuei dagokie kalifikazio idatzia aurkeztea, baina hori egin aurretik, aurretiaz erabaki beharreko artikuluaren aukera baliatu dute, epaiketa ez egitea eskatzeko.
Eskaera horri buruzko iritzia eskatu beharko die orain epaimahaiak aldeei, eskaera horri buruzko auzi-saioa egitea erabaki dezake ondoren -hala egiteko eskatu du defentsak-, eta ebazpena eman, ondoren. Erabakia behin betikoa izango da, epaiketa egiteko erabakiari dagokionez.
Prozedurazko akatsez eta eragozpenez ohartarazteko eta beharrezko zuzenketak egiteko mekanismoa da aurretiaz erabaki beharreko artikulua, eta kalifikazio idatzia aurkeztu aurretik erabil daiteke. Prozedura Kriminaleko Legearen 667. artikuluak arautzen du.
Elosua eta Iruin abokatuek euren idatzian argudiatu dutenez, Prozedura Kriminaleko Legearekin eta Auzitegi Gorenak nahiz Auzitegi Nazionalak emandako epaiekin bat ez datorren erabakia hartu zuen zigor arloko lehen salak, Egunkaria auzian ahozko epaiketa egitea erabaki zuenean. Abokatuen arabera, legeak berak eta Auzitegi Gorenaren eta Nazionalaren hainbat epaik argi eta garbi zehaztu dute herri akusazioaren eskaera ez dela aski epaiketa egiteko, fiskalak auzia artxibatzeko eskatu baldin badu eta akusazio partikularrik ez baldin badago.
PERITUAK. Beste bi idatzi ere aurkeztu dituzte defentsako abokatuek, Dignidad y Justicia elkarteak ahozko epaiketarako proposatutako hainbat peritu errefusatzeko.
Izan ere, Egunkaria-ren itxiera eguneko atxiloketetan eta hurrengo egunetako inkomunikazio aldiko galdeketetan parte hartu zuten hiru guardia zibil epaiketan peritu gisa agertzea proposatu du Dignidad y Justicia elkarteak, hiru guardia zibil horiei auzipetuak torturatzea leporatzen dieten arren, hiru auzipeturen tortura salaketetan inputatuta dauden arren. Iñaki Uriak, Xabier Alegriak eta Xabier Oleagak aurkeztutako tortura salaketei buruzko eginbide judizialetan ageri dira inputatuta hiru guardia zibil horiek, izen-abizenik gabe baina zenbaki profesionalarekin identifikatuta.
Abokatuek argudiatu dutenez, epaiketa batean peritu izateko bi ezaugarri nagusi bete behar dira: gai jakin batean jantzia izatea eta «inpartziala» izatea, auzian «interesik» ez izatea. Hiru guardia zibil horien eta auzipetuen artean, hain zuzen ere, «etsaigo nabarmena» dagoela arrazoitu dute abokatuek, zigor auzi batean elkarren aurka ari direlako.
Beste idatzian, hiru guardia zibil horiek ez ezik beste bat ere errefusatu dute, laurek instrukzio faseko eginbide ugaritan parte hartu dutenez auzian «inpartzialak» ez direlako. Idatziaren arabera, entzuketa telefonikoak agindu eta entzun dituzte, euren ustez «inkriminatorioak ziren grabazioak» aukeratu, auzipetuen etxe eta lantokiak miatu, auzipetuak galdekatu eta «hipotesi inkulpatorioak» egin, besteak beste.
Azken batean, atestatuen bidez auzipetuen aurkako salaketen egile direnez, interes nabarmena dute auzipetuak zigortu ditzaten, defentsako abokatuen argudioaren arabera.
Egunkaria auzia
Legez epaiketa egiterik ez dagoela berretsi diete epaileei 'Egunkaria'-ko abokatuek
Hainbat guardia zibil peritu izatea errefusatu egin dute, auzipetuak torturatzea egozten dietelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu