Legez eta eskubidez, bueltan

Txosna jartzeko debekua baliogabetu zuen epaia jaso ostean, indarberriturik ekin diote Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsetako kideek aurtengo Aste Nagusia prestatzeari.

Haize Goikoetxea eta Irati Ugalde Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsetako kideak. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bi urtez txosna paratzeko debekua igaro ostean, aurtengo Aste Nagusia «inoiz baino gogo handiagorekin» prestatzen ari direla diote Haize Goikoetxeak eta Irati Ugaldek. Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsetako partaide dira, hurrenez hurren, eta egunotan aldamio artean bizi dira, datorren larunbatean Bilboko jaiei hasiera emango dien txupinak Areatzako zerua zeharkatzean dena prest egon dadin. Alta, 2009tik hona pairatutako sufrimendua ez dute hain erraz ahaztuko.

Urte horretako Aste Nagusiaren ondoren, Bilboko Udalak bi urtez txosna jartzeko galarazpena ezarri zien bi konpartsei, presoen argazkiak erakusteagatik. Iñaki Azkunak eta enparauek hartutako erabakia ezagutzean, auzitegira jotzeko deliberoa hartu zuten Txori Barrotek eta Konpartsen Federazioak, eta epaileek arrazoia eman zieten: lehenik, Bilboko Administrazio Auzitegiak 2011ko abenduan ebatzi zuen debekua ez zela zilegi, eta, duela egun batzuk, EAEko Auzitegi Nagusiak konpartsei ezarritako zigorra baliogabetu zuen.

Epaia jakin ostean «sentimendu kontrajarriak» izan zituela azaldu du Goikoetxeak. «Azken finean, poza sentitu dugu, arrazoia lortu dugulako eta egin dugun lanak merezi izan duela dakigulako. Bestalde, ezintasuna eta haserrea sentitu dugu». Azken epaiaren arabera, udalak bere barne araudiaren parte ez zuen arau hauste batez baliatu zen konpartsei zigorra ezartzeko. «Euren arautegia ez dute ondo aplikatu», nabarmendu du Ugaldek. Biek ala biek aitortu dute euren burua babesgabe sentitu dutela prozesu luze horretan. Goikoetxearen iritziz, udalak konpartsei zegozkien eskubideak «zapalduz» aplikatu zuen zigorra. «Erabakia hartu zutenean, berehala eskatu genuen bertan behera uzteko eta txosna muntatzeko aukera edukitzeko, gutxienez epaia atera arte». Haatik, alkateak aurrera jarraitu zuen, eta bi konpartsek ez zuten txosna jartzerik izan 2010eko zein 2011ko Aste Nagusietan. «Azkenean, bi urteak bete behar izan ditugu», gaineratu du Goikoetxeak, «eta guk bagenekien muntatzeko eskubidea geneukala». Gaur-gaurkoz, Bilboko Udalak ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin. Txori Barroteko konpartsakidearen ustetan, alkateak ez du «erratu denik onartuko». Izan ere, haren ustez, Iñaki Azkunak «nahi zuena lortu du», konpartsek zigorra beteta. «Erratu ala ez, berarentzat ez du kosturik izan».

Beste konpartsen babesa

Zigorra jaso zutenetik, gainontzeko konpartsen «elkartasuna» sentitu dutela baieztatu dute Txori Barrote eta Kaskagorriko kideek. «Indartsuago bilakatu gaitu», azaldu du Ugaldek. «Gehiago elkartu gara konpartsa bakoitzaren barnean, eta konpartsen arteko lotura ere handitu da». Goikoetxeak gaineratu duenez, «oso argi ikusi zen ez zela Txori Barrote eta Kaskagorriren aurkako zerbait, baizik eta konpartsen aurkako eraso bat». Hala, zigorraren bitartez udalak konpartsen barnean «zatiketa» sustatu nahi izan zuela uste du Txori Barrotekoak. «Ez zaie batere ondo atera», ohartarazi du. «Bilboko Konpartsen barnean mota guztietako pertsonak daude, eta horrek egiten gaitu indartsu. Senidetasun sentipen hori daukagu: edozeini edozer geratuta ere beste guztiok defendatzera aterako garela badakigu». Konpartsetako kideen arteko lotura horrek udalari «min» egiten diola uste du Ugaldek. Bizi arte konpartsakidea izateak esan nahi duena jakitea ezinezkoa da; beste mundu bat da, beste jai batzuk». Halaber, udala «beste jai eredu baten aldekoa» dela azpimarratu du. «Turistentzako jai eredu bat nahi dute».

Presente egongo dira

Txosnetan argazkiak ez jarrita ere, aurtengo Aste Nagusian presoak «presente» egongo direla diote bi konpartsakideek. «Beti egongo dira hor, modu batean edo bestean», adierazi du Ugaldek. «Gure konpartsakideak, lagunak, bikotekideak edo senideak dira. Kartzelan egonda ere, muntaketa hasten denean kamiseta jartzen dute». Goikoetxea ere iritzi berekoa da: «Beti egon dira presente. Txosna egon ez denean ere, gurekin eraman ditugu. Ekinbide bakoitzean gurekin daude». Presentzia hori «bermatuko» dutela ziurtatu du. «Nola? Hori ez da garrantzitsua». Horrez gain, Bilboko Konpartsak «erasoak» jasaten segitzen dutela azpimarratu du. «Azkenekoa kontzertuen eta txiki gunearen leku aldaketa izan da». Bukatzeko, aurtengo festetanumorea eta aldarrikapena uztartuko direla iragarri du Goikoetxeak. «Alkatea oporretan bidaltzeko zeozer egongo da. Oraingoz, ezin dugu gehiagorik esan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.