Presoen egoera

Legez «kalean behar luketen» 175 lagun preso dituztela salatu dute

Espetxe politika oraindik erreprimitzeko eta mendekatzeko erabiltzen dutela esan du Etxerat-ek, azken urteko datuak aztertutaKonponbidea betiko finka dadin egoera iraultzeko premia dagoela ohartarazi du

Natxi Aranburu eta Oihana Lizaso, atzo, Etxerat-eko beste hainbat kide atzean dituztela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Euskal preso politikoei salbuespenez ezartzen zaien espetxe politika erreprimitzeko eta mendekatzeko erabiltzen dute oraindik. Horixe da Etxerat elkarteak urteko balantzea egiterakoan atera duen ondorio nagusia. Datuak aztertu, eta «eskandaluzko» egoerak ikusi ditu. Daturik esanguratsuenetarikoa da egungo legea ezarrita «kalean behar luketen» 175 herritar preso dituztela. Beste 169 epaiketarik izan gabe dituzte preso, behin-behinean, badaezpadako neurri gisa.

Euskal presoek jasaten duten egoeraren berri atalez atal eman du presoen senideen elkarteak. «Sakabanaketak bere horretan segitzen du», hasi dute azterketa Etxerat-en bozeramaile aritu diren Natxi Aranburuk eta Oihana Lizasok. «Egun dauden 665 euskal preso politikoak zazpi estatutako 70 espetxetan sakabanatuta daude». Euskal Herrian, zortzi besterik ez daude, Martutenen eta Zaballan.

Hamahiru auto istripu iaz

Egoera horrek «kalte fisiko, psikologiko eta ekonomiko handiak» dakartzala ohartarazi dute senideek. Iaz, adibidez, hamahiru auto istripu izan zituzten presoen senide eta lagunek, hurkoak bisitatzeko egin behar izaten dituzten bidaia luzeetan. Sakabanaketa indarrean dagoen 22 urteotan 400 istripu izan dituzte, eta hamasei senide eta lagun hil dira errepidean. Horrez gain, hilero 1.500 eta 2.000 euro bitartean xahutu behar izaten du familia bakoitzak presoa ikusi ahal izateko.

Bizi osorako zigorrak

«Praktikan bizi osorako zigorra» dakarren 197/2006 doktrina da «eskandalurik» handienetakoa, Etxerat-en ustez, bai juridikoki, bai giza eskubideen urraketari dagokionez. Izan ere, irizpide horren ondorioz, ezarri zitzaien zigor osoa beteta kalean egon behar luketen 49 euskal preso politikok preso jarraitzen dute. Beste bederatzi presori ere ezarri diote «zuzenbidearen gakoetatik aldenduta» sortutako doktrina, eta, ondorioz, ezarri zieten zigorra betetzen dutenean preso mantenduko dituzte, urte luzeetan. Irizpide hori ezarri zieten beste hamabost herritar kalean dira dagoeneko, zigor gehigarria ere beteta. Guztira, 73 euskal presori ezarri zaie espetxealdia egun batetik bestera luzatu dien «mendekuzko» irizpidea.

Legez kalean egoteko aukera luketen beste 126ri ere ukatu diete eskubidea; zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteak dituzten euskal presoei. Hortaz, Etxerat-ek ohartarazi duenez, kalean behar luketen 175 euskal preso daude Espainiaren eta Frantziaren kartzeletan.

Gaixo dauden presoen egoera ere larria da. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek kaleratuak izateko eskubidea dute legez, baina, larri dauden bederatzi euskal preso espetxean mantentzen dituzte. Txus Martinen egoera da kezkagarriena. Horiez gain, dozenaka dira gaixo daudenak eta beharrezko duten osasun asistentzia jasotzen ez dutenak.

Espetxe barruan hainbat presori ezartzen zaizkien bakartze neurriak «erabat gizagabetzat» dituzte presoen senideek. Guantanamon, Abu Ghraiben zein Israelen halako egoerak izaten direla jakina den arren, euskal preso askok ere halakoak jasaten dituztela ohartarazi dute. Gaur egun, hamabi euskal herritar dituzte erabat bakarturik kartzelan, «pertsonak erabat deuseztatzeko» sortutako bakartze neurri gogorrak ezarrita. Hamabi horiez gain, beste euskal preso asko dituzte bakartuak, hartarako sortutako modulu berezietan; «euskal preso politikoen portzentaje handi bat».

Kartzelak betetzen

Etxerat-ek «tamalez frogatu» duen beste egoera bat da preso kopurua ez dela gutxitzen ari. «Kartzelak betetzen jarraitzen dute». Azken hilabeteetan, esaterako, sei euskal presok utzi dute espetxea, baina beste bost sartu dituzte preso. Horiez gain, Ekaitz Samaniego eta Aurore Martin politika egiteagatik kartzelatzeko arriskuan daudela gogorarazi dute.

Eta ez da kartzelak betetzeko garaia, kartzelak hustekoa baizik, presoen senideen ustez. Euskal Herrian «garai berri bat» zabaldu dela diote; euskal gizarteak «bultzada eta arnasa» eman nahi diola fase berriari, eta, horretarako, ezinbestekoa dela espetxe politika «konponbide demokratiko baten klabeetara igarotzea». Egungo espetxe politikak gatazka elikatzen, eskubideak urratzen eta euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren kontra egiten duela adierazi dute. Beraz,premiazkoa dela aldaketa sakon bat.

Aldaketa positibo batzuk

Oinarrizko aldaketarik ez, baina «aldaketa positibo batzuk» ikusi dituzte, hala ere, azken asteetan, espetxe politikan. Kartzela askotan euskal presoak modulu beretan biltzen hasi direla azaldu dute, eta hori ona dela. Mezuetan ere gero eta alderdi, eragile, instituzio eta norbanako gehiagok eskatzen dutela espetxe politika aldatzea.

Poztasun handiegirik ere ez dute azaldu, hala ere, senideek. Izan ere, haien hitzetan, «neurririk krudelenek, muturrekoenek» bere horretan jarraitzen dute.

2012a, aldaketaren urtea

2012. urteak aldaketaren urtea izan behar duela sinetsita dago Etxerat. Espetxe politika iraultzeko premiaz ohartarazi du, eta herritarren laguntza eskatu du horretarako.

«Konponbidea eta eskubide guztien errespetua ardatz izango duen aroa zabaldu, egonkortu eta finkatu behar dugu guztion artean eta guztion ekarpenekin», adierazi dute Aranburuk eta Lizasok. «Aro berri hori» betiko finkatu ahal izateko espetxe politika aldatzea «erabat urgentea» dela ohartarazi, eta euskal gizartearen «gehiengo zabal batek» hala eskatzen duela azaldu dute. Eta, herritarren presioari esker, Espainiako eta Frantziako gobernuek «eskakizun erraldoi» horri baiezkoa «nahitaez» eman beharko diotela uste dute.

«Aldaketak ezinbestekoak dira», Etxerat-eko kideen esanetan; «egungo egoera bere horretan mantentzeak ez du inolako zentzurik; euskal jendartearen borondatearen kontra egiten du, eskubideak urratzen ditu, eta kaltegarria da denontzat», argudiatu dute.

Hori guztia dela eta, Egin Dezagun Bidea mugimenduak deituta larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioarekin bat egin dute presoen senideek, eta bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei, protesta «kolosala» izan dadin, «azken urteetako handiena» izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.