Araba, Bizkai eta Gipuzkoako boz-emaileek Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak nola banatuko diren erabaki dute gaur. Baina heldu den lau urteetan Ajuria Enea jauregian nor egonen den jakiteko gehiago itxaron beharko da.
Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiak, Patxi Lopez PSE-EEkoak, Antonio Basagoiti PPkoak, Unai Ziarreta EAkoak, Javier Madrazo EBkoak eta Aintzane Ezenarro Aralarrekoak goizeko hamar eta erdietarako emana zuten botoa. Baita Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak ere. Lopezek Bilbon bozkatu du, Iruarteta auzoan, eta une horretan ezker abertzaleko hainbat kidek "faxista" deitu diote.
Gernika-Lumoko (Bizkaia) eta Donostian Egia auzoko mahai banatan ordu erdi beranguago zabaldu dituzte hautes-ontziak, bertan egotekoak ziren pertsonak ez direlako azaldu.
D3Mren botopaperak ez dira ofizialki zenbatuko, baina baliogabeetan sartuko dira, eta jaso duen babesaren ideia bat emango du, kontuan hartuz 2005eko hauteskundeetan baliogabeak 4.035 izan zirela. Hauteskunde plataformak zailtasunak izan ditu botoa eskatzeko eta botopaperak banatzeko, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haren jarduera eten zuenetik, kanpainaren laugarren egunean. Ertzaintzak hainbat atxiloketa, miaketa eta identifikazio egin ditu D3M hauteskunde plataformaren botopaperak zabaltzen edo haren afixak jartzen ari zirelakoan.
2005eko emaitzak (BERRIAren webgune berezia)
EAJ-EA. 29 legebiltzarkide (468.117 boto, %38,67).
PSE-EE. 18 (274.546 boto, %22,68).
PP. 15 (210.614 boto, %17,40).
EHAK. 9 (150.644 boto, %12,44).
EB. 3 (65.023 boto, %5,37).
Aralar. 1 (28.180 boto, %2,33).
Parte-hartzea. %67,99.
Lehendakaria. Juan Jose Ibarretxe (EAJ; EA eta EBrekin koalizioan).
Eusko LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Legez kanporatzeak baldintzatuta egin dituzte Eusko Legebiltzarrerako bozak gaur
Ezker abertzalearen hautagaitza legez kanpo, nagusiki zazpi alderdi politiko ibili dira 75 eserlekuen lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu