Sorturen legeztatze prozesua

Legeztatzea galarazten duen autoak dio Sortu ETAk «eratu, akuilatu eta zuzendu» zuela

Sortu legezko izatea, «arrisku objektibo, larri, eta berehalakoa» da Espainiarentzat, Gorenaren esanetan

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Beraiek ez dakite, baina ETAk «engainatu» egin ditu Sortuko kideak. Hala dio Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bereziak atzo kaleratutako autoan. «ETA talde terroristak eratu, akuilatu eta zuzendu du alderdi berri bat sortzeko Batasunaren estrategia. Gauza bera gertatu da haren eszenaratzearekin, indarkeriaren gaitzespena barne».Hala dio Gorenak, eta 217 orrialdetako autoan behin eta berriz, eta modu desberdinetara dio, estrategia hori ETAk diseinatua dela. Horregatik, lege iruzurra dagoela dio. Sortu Batasunaren jarraipena den ondorioa atera du, eta galarazi egin du ezker abertzalearen alderdi berriak Espainiako Barne Ministerioko alderdien erregistroan izena eman dezan.

Epaileen arabera, instituzioetara itzultzeko helburu hutsarekin ETAk baimendu egin zuen bere jarduera gaitzestea. Horregatik Sorturen eta «ETA-Batasunaren» artean «hausturarik» ez dela gertatu dio, eta desbinkulazio horrek, kasu honetan ez bezala «erreala eta antzeztu gabekoa» izan beharko zukeela, alderdi hori legezkoa izan zedin.

Hori frogatzen duten dokumentuak badaude, 61eko Aretoaren irudiko. Baina, Sortuko kideek ez dituzte ezagutzen, «sekretuak» direlako, eta «ETAk eta Batasunaren zuzendaritzak baino ezin zitzaketelako ezagutu». Txosten horiek epaileen esku utzi dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Estatuaren Abokatuaren eta Fiskalaren bitartez.

Poliziak eta Guardia Zibilak hainbat atxiloturi atzemandako dokumentuak aztertzen ditu autoak, batetik, eta haiek ezker abertzaleko ordezkariek egindako adierazpenekin zein ezker abertzalearen txosten ofizialekin alderatzen ditu —esate baterako, Zutik Euskal Herriarekin—. ETAk argitaratutako agiriak ere aztertzen ditu. Haietan terminologia berbera erabiltzen dela dio 61eko areto bereziak, eta guztiei erreparatuz gero, defentsak argudiatzen duen bezala ETArekin haustura gertatu dela ezin daitekeela ondorioztatu dio: «ETAren eta Batasunaren artean erabateko elkar ulertzea dago, une historiko honetan gehien kezkatzen dituen proiektua aurrera ateratzeko. Helburu hori, legeztatzea lortzea da, udal hauteskundeak gertu daudela ikusita».

Erakunde armatuaren su-etena ere testuinguru horretan kokatzen du auzitegiak: «Honela bakarrik uler daiteke ETAren jarrera: ez du indarkeria behin betiko uzten, baina indarkeriaren presioainstituzioetara heltzeko behar duen markora egokitzen du».

Areto bereziko 16 magistratuen sinadura daraman arren, bederatziren babesa baino ez zuen lortu atzo kaleratutako autoak. Hark, ordea, argi azaltzen du Auzitegi Gorenaren erabakia: «Sortu ez da pertsona talde batek zilegi diren helburuekin eratutako alderdia; ez da ETArengandik eta Batasunarengandik aparte dagoen proiektu bat; eta beraz, ezin daiteke indarkeriatik kanpo dagoen alderdi gisa hartu, nahiz eta proiektua babesten dutenak kontrakoa erakusten ahalegintzen diren, eta egiazko errealitatea ezkutatu egiten den alderdiaren estatutuetan».

Auzitegiak onartzen du Sorturen baitan «ETA eta Batasunatik banandutako pertsonak» eta «indarkeriaren erabilera fede onez gaitzesten dutenak» egongo direla, baina, horri gailentzen zaio, bere irudiko, «froga sendoa dagoela Sorturen sorrera ETAk prestatua dela esateko».

Hori horrela, Sortu «legezko alderdi politiko gisa osatzea, arrisku objektibo, larri, eta berehalakoa» izango litzateke, Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, «gure demokraziaren zutarrien kontra zuzen-zuzenean joz». Hori, Espainiako Konstituzioak, Alderdien Legeak, Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak, Espainiako Zuzenbide Estatuak eta Botere Judizialak ezin dutela onartu dio.

Fiskalak ere eman zuen argudio hori Sorturi buruz Auzitegi Gorenean egin zuten ahozko saioan. Iñigo Iruin abokatuak, ordea, arrisku hori ez dela erreala argudiatu zuen. Batetik, Espainiako Kongresuak egindako lege aldaketaren arabera, Alderdien Legea bete ezean hautetsiei kargua kentzeko aukera dagoela argudiatu zuen; eta bestetik, Sortuk berak ere bermatu egiten duela indarkeria gaitzesten ez dutenak alderditik botako dituztela.

Auzitegi Gorenaren arabera, ordea, Iruinek ez du arrazoirik. Argudiatu duenez, lege aldaketa horiek ez datoz aurrekoak «ordezkatzera», baizik eta «aurretik daudenak indartzera». Sorturi alderdi gisa erregistratzen utziko baliote, ez luketela legea beteko argudiatu dute.

Hori bai, Gorena argudiatzen saiatzen da ez direla «pertsonen oinarrizko eskubideak zalantzan jarri», «inongo momentutan» ez direla ideologiak «fiskalizatu edo kriminalizatu». Baizik eta Espainiako Estatua «babestu» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.