Legeztatzearen ajeak

Ezker abertzaleak alderdi berri bat eratzeko asmoa agertu du. Datozen hilabeteetan, eztabaida politikoaren gakoetako bat izango da legeztatzearen inguruko katramila.

Ezker abertzalearen ordezkaritza zabal batek antolakunde berriaren oinarriak aurkeztu zituen Iruñean, azaroaren 27an. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Joan den arazoaren 27tik iragarrita dago: ezker abertzaleak antolakunde berri bat eratu nahi du, eta legezkoa izatea nahi du. Horretarako alderdi berri batek izena emango du datozen asteetan Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan, legeztatua izan asmoz. Alderdi berriaren estatutuek egungo legeria beteko dute, Alderdien Legea barne. Azaroaren 27an, Iruñean, ezker abertzaleak egindako ekitaldian adierazitakoaren arabera, alderdi berri horrek barne estruktura eta funtzionamendu demokratikoa izango du, eta autonomia osoarekin jardungo du, «interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre». Halaber, «helburu politikoen lorpenerako indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu behar du».

Legeztatzearen inguruko eztabaida politikoa irekita dago, eta azken egunotan berpiztu egin da. Gernikako Akordioaren sinatzaileek Alderdien Legea indargabetzea exijitu dute, eta alderdi berria legeztatzearen alde agertu dira. EAJ, Iñigo Urkullu EBBko buruaren ahotan, legeztatzearen alde agertu da, «legezko baldintza guztiak betetzen baditu». PP erabat kontra agertu da. Espainiako Gobernuak, alderdi sozialistak —Jesus Egiguren salbu— eta estatuko fiskal nagusiak, oro har, nabarmendu egin dute ezker abertzaleak ez dituela betetzen legeztatzeko baldintzak. Udal eta foru hauteskundeetan ezin izango duela parte hartu iragartzera ausartu dira. Erabakia auzitegiei dagokiela diote, baina epaia aurreratzen ari direla dirudi legezko estatutu batzuk aurkeztea ez dela nahikoa diotenean.

Alderdi berri bat legeztatzeko, Barne Ministerioaren erregistroan aurkeztu behar da eskaera. Barne Ministerioak dauka eskaera ontzat eman edo errefusatzeko ardura.

Legeztatzeko prozedura

Ez badu eragozpenik jartzen, alderdia legezko bihurtzen da hogei eguneko epean. Inpugnatu nahi badu, Fiskaltzari igorri behar dio, eta, horrek legez kanpoko zantzurik ez badu atzematen, berriro itzul dezake eskaera Barne Ministeriora jarrai dezan tramitazioarekin.

Kasu honetan, Barne Ministerioak alderdiaren izen-ematea onartzen ez badu, Fiskaltzak iritzi bera izatea espero liteke. Auzia legez kanpoko alderdi batekin lotuta izango litzatekeenez, Fiskaltzak —eta Estatuaren abokatuak— inpugnazioa Auzitegi Goreneko 61. sala berezian aurkeztu beharko luke.

Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusiak bere iritzia aurreratu du. «Denak berdin jarraitzendu», adierazi du ETAren su-etenaren ondoren. ETAren adierazpenak «ez dio ahalbidetzen [ezker abertzaleari] berreskuratzea parte-hartze politikoa». Auzitegi Goreneko epaile Joaquin Gimenezek (61. salako kide ere) antzeko iritzia agertu du, Radio Euskadiri emandako elkarrizketan. Gimenezen ustez, jarrera aldaketa «egiaztatu» behar da, «denboran, zantzu jarraikien sorta baten bidez». Gimenezen ustez, ETAren adierazpenetik ez da ondorioztatzen aldaketa hori egon denik. Aldaketaren benetako froga «haustura eta zatiketa datu argiak» egotea dela dio Auzitegi Goreneko magistratuak. Ezker abertzaleak ETAren adierazpena «txalotu» izana kontrazantzutzat jo du: «Ez da haustura edo zatiketa eszenifikatu». Gimenezen hitzetan, alderdi berri baten «estatutu konstituzionalak» egitea ez da aski. «Hori paper bat da, axola duena proiektuaren atzean dauden pertsonak dira, sustatzaileak».

ASBren kasua

Baina zein dira benetan legezko baldintzak alderdi berri bat legeztatzeko? Ez dago argi eta garbi zehaztuta inon, kasuz kasu auzitegiek interpretatu eta berrinterpretatu egin dituztelako Alderdien Legea eta ondorengo lege aldaketak, momentuko beharren arabera.

Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) izeneko alderdiaren kasua gogora ekar daiteke. Ezker abertzaleko hiru kidek —Marije Fullaondo, Joana Regeiro eta Marisa Alejandrak— aurkeztu zuten Barne Ministerioaren erregistroan, 2007ko martxoaren 27an. Aurreko negoziazio prozesuaren testuinguruan —krisiak jota ordurako— eta 2007ko hauteskundeen atarian izan zen.

Barne Ministerioak ez zuen onartu inskripzioa eta Fiskaltzara igorri zuen. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak ASB Batasunaren ordezko jo, eta hura legez kanporatzeko epaia betearazteko eskaera aurkeztu zuten. Funtsean, honako argudio hauek erabili zituzten ASB alderdiari Batasunaren jarraipena izatea leporatzeko: alderdiaren hiru sustatzaileak Batasunarekin «ageriko harremanak izatea, zuzendaritza mailan», izenak «begi bistako antzekotasuna» izatea, antzekotasun «organiko-funtzionala eta sinbolikoa» izatea —antolaketa bertsua eta barne organo bertsuak izatea—, eta Alderdien Legearen araberako «kontrazantzu nabarmenik» ez izatea. Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuen ASB alderdiaren erregistroa.

Jurisprudentziaren ikuspuntutik honako irizpide hau utzi zuen indarkeriarekiko jarrerari dagokionez: «Eskatzen dena ez da bakarrik konpromiso bat bide demokratikoetatik jarduteko; kontua da, funtsean, ETAren indarkeria terrorista arbuiatzea ekintza politikorako tresna gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.