Legionellak lau pertsona kutsatu ditu Erriberrin

Aztertzen ari dira kasuek elkarrekin loturarik duten. Herritarrei eskatu diete neurriak hartzeko.

Ura iturritik ateratzen. KOEN VAN WEEL / EFE
Ura iturritik ateratzen. KOEN VAN WEEL / EFE
jakes goikoetxea
2025eko irailaren 5a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Legionella agerraldi bat dago Erriberrin, Nafarroan: oraingoz lau lagun daude kutsatuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi duenez. Erriberri hegoaldean agertu dira legionella kasuak, udal kiroldegiaren hegoaldean. Lau kutsatuak elkarrengandik gertu bizi dira, eta egun bertsuetan ospitaleratu zituzten. Aztertzen ari dira ea kutsatzeek loturarik duten.

Neurriak hartzeko agindu du institutuak, eta Mairagako Mankomunitatearekin elkarlanean ari da, agerraldia kontrolatzeko asmoz. Asteartean laginak jaso zituzten kutsatutakoen etxeetan. Asteazkenean azterketak egin zizkieten, PCR bidez, eta baieztatu zuten legionelosia dutela. Kultiboen bidez ere baieztatuko dute, eta emaitzen zain daude.

Kutsatuen inguruan bizi direnei neurriak hartzeko eskatu diete: batetik, iturrietatik bost minutuz ura ateratzen uzteko erabili baino lehen; iturrietako eta dutxetako zabaltzaileak askatzeko, kare arrastoak kentzeko eta desinfektatzeko —ur litro batean hamar tanta lixiba bota, zabaltzailea bertan sartu, ordu erdian utzi, eta gero uretan pasatu—; eta bi egunez baino gehiagoz ura berotzeko sistema erabili ez duten etxeetan ura ahalik eta beroen jartzea eta bost minutuan ateratzen uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.