Sanferminak

Lehen entzierro arriskutsua; adarkada bat Santo Domingon

[YouTube]http://youtu.be/MuzAbjyEjBU[/YouTube] Zauritua Iruñeko 73 urteko gizon bat da; ez dago larri. 2.53ko iraupena izan du entzierroak, Dolores Agirre ganadutegiko zezenekin. Taldea bilduta atera da baina entzierroa pasatu ahala luzatzen joan da eta sakabanatuta iritsi da zezen plazara. Eroriko asko egon dira eta Telefonikan gazte bat elastikoaren lepotik adarra sartu eta arrastaka eman du zezen plazaraino.

2012ko uztailaren 7a
16:54
Entzun

Arriskua eta batzuetan izua ere bai eragin dute Dolores Agirre ganadutegiko (Sevilla, Espainia) adardunek sanferminetako lehen entzierroan. Gaseko ukuilutik atera eta azkar igo dute Santo Domingo aldapa, eta han zezen batek lagun bat adarkatu du: Iruñeko 73 urteko gizon bat —V.A.C.—. Eskuin hankan jaso du adarkada. Nafarroa erietxean daukate, baina ez dago larri.

Taldea luzatuta baina elkartuta sartu da Udal Plazan. Merkaderesek eta Estafetak bat egiten duten biurgunean ez dira zezenak erori eta ongi hartu dute Estafeta kalea.

Kale horretan abiadura handia zeraman zezen saldoak, eta sakabanatzen hasi dira. Lau zezen beltz aurretik joan dira eta atzetik gaztain koloreko bat. Taldea ixten seigarren zezen beltz bat. Lasterketa politak izan dira Estafetaren lehen zatian, baina Telefonikan zezenek eskuineko aldea garbitu dute. Zezen beltz batek adarra sartu dio elastikoan gazte bati eta arrastaka eraman du zezen plazaren sarreraraino, baina ez du adarkatu.

Atzetik zetorren zezenak ere arriskua eragin du plazan baina unaiek zezen plazako ukuiluan sartu dute kapotearen laguntzaz.

Beste korrikalari batzuk ere eraman dituzte erietxera: 21 urteko japoniar bat —gerrialdean kolpea—, 39 urteko espainiar bat —sorbalda atera zaio—, 19 urteko Faltzesko bat —saihetsaldean kolpea—, 49 urteko Faltzesko beste bat —eskumuturrean kolpea— eta 26 urteko australiar bat —belaunean kolpe bat—.

Uztailak 7 (gaur). 2.53ko iraupena. Adarkada bat. Ganadutegia: Dolores Aguirre.

Uztailak 8 (bihar). Ganadutegia: Miura.

Uztailak 9 (astelehena). Ganadutegia: Cebada Gago.

Uztailak 10 (asteartea). Ganadutegia: El Pilar.

Uztailak 11 (asteazkena). Ganadutegia: Fuente Ymbro.

Uztailak 12 (osteguna). Ganadutegia: Victoriano del Rio.

Uztailak 13 (ostirala). Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.

Uztailak 14 (larunbata). Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.