08:00etan atera dira Torrestrella ganadutegiko zezenak (Cadiz, Espainia) Santo Domingoko ukuiluetatik. Ziztu bizian korritu dute Iruñeko sanferminetako lehen entzierroa. Azkar osatu dute ibilbidea, baina une arriskutsuak izan dira. Bi minutu eta hogeita bost segundo iraun du, eta adarkada bakarra egon da. Santo Domingo aldaparen hasieran gertatu da. Zezen batek eskuin aldetik eraso egin dio lasterkari bati izterrean, eta lurrera bota du. Pronostikoa, baina, ez da larria.
Entzierroak aurrera egin ahala, pare bat zezen atzeratu samar geratu dira. Zezen taldea zatitu egin da, baina berehala batu dira gainerakoekin. Udaletxe Plaza garbi zeharkatu dute. Mercaderes bihurgunean, baina, zezen bat irristatu, eta erori egin da. Altxatzerakoan, korrikalari baten gainetik pasatu, zapaldu, eta zauriak egin dizkio. Ondoren, beste bi zauritu izan dira Estafeta karrikan, lurrera erori eta gero. Aurpegi aldean dituzte zauriak. Bi zezen jausi egin dira berriz, eta harrezkero bananduta egin dute entzierroa. Zezen plazaren sarreran ere hainbat korrikalari irristatu eta erori dira, baina zezenek aurrera segitu dute.
Hiru zezen zuzenean sartu dira kortara. Segundo batzuen buruan agertu dira atzeratuta zeuden beste bi zezenak. Bostak kortan zirenean bota dute hirugarren suziria, eta amaitutzat eman dute 2014ko sanferminetako lehenbiziko entzierroa. Gutxienez, bost lagun zauritu dira, eta erietxera eraman dituzte, arta ditzaten. Traumatismoak dituzte guztiek. Larrien dagoena Cascantekoa da (Nafarroa). Besteak Donostia, Deba (Gipuzkoa), Madril eta Valentziakoak dira (Herrialde Katalanak). Entzierroan zauritutako bik alta jaso dute dagoeneko. Erietxeraturik jarraitzen dute besteek, baina onera egin dute.
Sei zezenen ordez, bost
Torrestrellako zezenek ez dituzte estatistikak bete, eta ez dute zauritu larririk eragin. Bizkor egin dute ibilbidea. Normalean sei zezenek egiten dute entzierroa, baina gaur bost besterik ez da irtengo. Ukuiluan irristatu, eta min hartu zuen atzo zezen batek. Hamahirugarren aldia zuten Iruñeko sanferminetan, eta balantze zinez iluna laga dute gehienetan: 22 lasterketari adarkatu, eta beste 47 kolpeekin zauritu dituzte.
Sanferminetan adarkada gehien eman duen ganadutegietako bat da: dardara eta, maiz, izua eragindakoak dira. Eta ez zen bestelako entzierroa espero gaurkoan. Atzo iluntzetik goizaldera arte euria gogoz egin du. Ibilbidea bustita, eta kaleak irristakor egon dira.
Aurten ere entzierroko korrikalariek hiru aldiz kantatu diote San Fermini, entzierroa hasi aurreko minutuetan. 2009tik euskaraz ere egiten dute. Hauek dira hitzak: "Entzun arren, San Fermin, zu zaitugu patroi, zuzendu gure oinak entzierro hontan otoi".