Lehen mailako arretaren nazioarteko eguna da gaur, eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak kezka agertu du, ohar batean, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoeraren inguruan. Profesionalen eta gaixoen beharretara egokitzen den «kalitatezko sistema bat» lortzeko neurriak eskatu ditu; besteak beste, lehen mailako arretako sendagile eta pediatra gehiago. Horretarako, «lehenbailehen» neurriak hartu eta sistema berrantolatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari; tartean, galdegin dio lan egin dezala «neurri egonkorrak» hartzeko eta osasun zentroetako eguneroko egoera aldatzeko.
Elkargoak jakinarazi duenez, duela bi hilabete lehen mailako arretaren inguruko proposamen sorta bat jasotzen duen dokumentu bat bidali zien Osasun sailburuari, Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariari, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Horiek horrela, berriro eskaera berberak egin dizkio gutun batean.
Sendagileen elkargoak kezka azaldu du profesionalen lan baldintzen gainean, eta ohartarazi du askok «ondoez psikikoa» pairatzen dutela. «Honek guztiak arrisku larrian jartzen du gure osasun sistema publikoa, kalitatezko arreta eta gaixoen segurtasuna: hitzordua hartzeko gero eta denbora gehiago, jarraitutasuna galtzea, eta abar...».
Eusko Jaurlaritzari bidalitako dokumentuan, hiru esparrutan neurriak hartzeko eskatu dio. Batetik, pazientearen arta hobetu eta medikuen lan baldintzak duintze aldera, proposatu du profesional bakoitzak bere agenda kudeatzea eta lehen mailako arretako unitate bakoitzaren autonomia indartzea. Horretarako, ezinbestekotzat jo du langile guztien egonkortasuna lortzea.
Bestetik, «kudeaketa horizontala» egitea proposatu du, eta «barne komunikazio gehiago eta eraginkorragoa» sustatzea. Hartarako, lehen mailako arretako unitateburuak taldeak berak proposatzearen alde egin du, eta merezimendu lehiaketa garden baten bidez hautatuak izatea. «Beharrezkoa da familia eta komunitateko medikuntzako egoiliarren eta medikuntzako ikasleen tutoreen figura zaintzea, bultzatzea eta onartzea».
Hirugarrenik, beharrezkotzat jo du lehen mailako arretaren inguruan «informazioa, sentsibilizazioa eta aitortza» lortzeko lan egitea.Sendagileen elkargoaren arabera, lehen mailako arretaren egoera pandemiaren aurretik dator, eta profesionalei entzun behar zaie konponbidea bilatzeko. «Eguneroko lan jardunean sumatzen diren asperdura, nekea eta motibaziorik eza konpontzeko, neurri egokiak behar dira».
Azkenik, elkargoak azpimarratu du hartzen diren neurriak oinarrian dauden arazoak konpontzera bideratu behar direla eta ezinbestekoa dela iraunkorrak izatea. Izan ere, ohartarazi du «inprobisatutako» neurriak ez direla eraginkorrak; adibide gisara jarri du Aste Santuan etengabeko arreta guneetan ordutegiak murrizteak zuzenean eragiten diela pazienteei.
Osasuna
Lehen mailako arreta «lehenbailehen» berrantolatzeko eskatu du Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak
Elkargoak kezka agertu du Osakidetzako lehen mailako arretaren egoerarekin. Gutun bat bidali dio Osasun Sailari, neurri «eraginkorrak» eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu