COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak urtea amaitu baino lehen hel litezke Hego Euskal Herrira, «dena ondo badoa», Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez. Txerto hori Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek garatutakoa da, eta AstraZeneca botika etxeak saldutakoa.
«Gauzak ongi egin behar ditugu, epeengatik: Europako adituek ikusi behar dute txerto horren egiaztatze faseek emaitza ona ematen dutela», azaldu du Illak La Sexta telebista katean eginiko elkarrizketa batean. Egun, txertoa garatzeko 2. eta 3. faseen artean daude ikerlariak, eta, horiek gaindituz gero, Illak uste du abendu amaierarako eskura leudekeela lehen dosiak.
Edonola ere, gaineratu du beste lau txerto eskuratzeko akordioak «oso aurreratuak» dituztela, eta beste birekin edo hirurekin ere negoziatzen ari direla: «Datozen egunetan eman ahal izango dugu Europan itxiz doazen akordioen berri».
Illak argitu du Europako ezein herrialdek ez duela txertatze planik martxan jarriko nahikoa berme ez badute botika agentzien aldetik, eta horiek «ebaluazio independente» bat egin behar dutela.
Errusiak erregistratu zuen SARS-CoV-2aren aurkako lehen txertoa, duela bi aste. Vladimir Putin presidenteak ziurtatu zuenez, Errusiak aurkeztutako txertoa «eraginkorra» da, beharrezko proba guztiak gainditu ditu, eta birusaren aurkako «immunitate iraunkorra» lortzeko bidea zabalduko du.
Horrekin zuhur azaldu zen, ordea, Osasunaren Mundu Erakundea; arretaz hartu zuen albistea. Esan zuen Errusiako txertoak ere erakundeak ezartzen dituen azterketak pasatu beharko dituela, gainerakoen antzera. «Aurrerapausoak azkartzeak ez du zalantzan ipini behar segurtasuna», esan zuen Tarik Jasarevic OMEko bozeramaileak.