Lehen urratsa, presoen izaera politikoa

Gatazka politikoa bizi duten ezein lurraldetako gobernuk ez du onartuko gatazka horren ondorioz preso direnen izaera politikoa. Onarpena, ordea, gakoa da bake prozesuetan.

Irlandako iparraldeko Mazeko espetxearen hondarretako bat. Egun hondakinak baino ez daude milaka preso errepublikano eta unionistak gatibu edukitako zentroan. BERRIA.
Koldo Aldabe.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Noiz bihurtzen da «kriminal» bat «preso politiko»? «Preso politiko» adierazpenak ez du balio juridiko handirik. Nazioartean ez dago preso politikoaren definizio juridikorik.

Amnesty Internationalek badu definizio zehatz bat gai honekiko: «Bere kasuak izaera politiko sendoa duen edozein preso da preso politiko: bere ekintzen oinarrian zio politikoak izateagatik, ekintzak berak politikoak izateagatik, edo agintariek preso hartzeko zioa politikoa izateagatik».

Gobernuek ez dute onartuko preso politikoak dituztela; aitzitik, kartzelan diren guztiak «delitu arruntak», arinak, larriak edo larriagoak, egin dituzten «kriminalak» izango dira. Edo azken urteetan nagusiago egin den gisan, «terroristak», nahiz eta «terrorista» terminoak berak ere nazioarteko onarpen komunik ez izan.

Preso politikoaren definizio juridikorik ezak haien onarpen ofizialik behar ez izatea era badakar. Hau da, bake prozesu batean, gobernu batek ez du zertan ofizialki onartu preso politikoak dituela, haiei prozesuan parte hartzen uzteko. Eta hori beti gertatu da presoak tarteko diren gatazken behin betiko konponketan.

Mo Mowlamen bisita

Urteetako gatazkan preso «arruntak» zirenak «politiko» bihurtu ziren Irlandako iparraldean, 1998ko urtarrilean Irlandako iparraldeko ministro britainiar Mo Mowlam, Mazeko presondegia bisitatu, eta preso errepublikanoekin eta loialistekin bildu zenean. «Ez da etsipenaren kontua. Ez nator negoziatzera. Asmo erabakia daukat. Ausardia behar da gauzak aurrera ateratzeko. Arriskatu egin behar da», esan zuen Mowlamek bisita iragarri zuenean.

Ofizialki ez, baina egitez presoen izaera politikoaren onarpena izan zen. Irlandako iparraldeko talde armatuak menian ziren, baina artean negoziazio prozesua ez zen amaitu, eta blokeoa hausteko gakoa izan zen; hilabete gutxi geroago hitzartu zuten Stormonten Ostiral Santuko akordioa.

Hegoafrikan ere gakoa izan zen preso politikoen gaineko akordioa hitzartzea bake negoziazioek aurrera egin zezaten. 1991n, Nelson Mandelak urtebete zeramanean libre, gobernuak preso politikoen errolda eta identifikazioa egitea eta haiek pixkanaka askatzen joatea hitzartu zuen Mandelaren ANC alderdiarekin, eta ANCk, berriz, bere beso armatu Umkhonto we Sizweren ekintzak, ekintzen mehatxuak, entrenamendu kanpalekuak, erreklutamenduak eta armatzea bertan behera uztea onartu zuen.

Amnistia ez da bide bakarra

Hegoafrikako eta Irlandako iparraldeko preso politiko guztiak kartzelatik irten ziren prozesuaren amaieran; ez ziren denak batera irten, batzuk prozesuaren baitan irteten hasi ziren, azkenak lehenbizikoak baino hilabete batzuk edo urte batzuk geroago.

Preso politiko guztiak aske geratu izana, ordea, ez zen amnistiaren ondorioz izan. Bi kasuetan biktimekiko justizia ere aintzat hartu zen. Baziren biktimarik eragin gabeko preso politikoak, eta baziren biktima asko eragin zituztenak ere. Batzuek zein besteek tratu desberdina izan zuten aske geratzeko orduan ere, bai epeetan bai baldintzetan.

Hegoafrikan, odolezko delituak zituztenek Egiaren eta Berradiskidetzearen Auzitegitik igaro behar izan zuten euren auziak argitzeko. Irlandako iparraldeko preso politikoen kasuan, berriz, baldintzapeko askatasunean irten ziren.

Kasu bietan kritikak jaso zituzten gobernuek biktimen aldetik eta hainbat alderditatik ere. Baina biktimak aintzat hartzeak ez du esan nahi biktimen nahia konplitzea. Urteen joanak arrazoi eman die erabaki hori hartu zutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.