Yolanda Rodriguez. Munduko Medikuak

«Lehenbailehen izan dezatela berriz zerbitzua, eta tramiteak gerorako utzi»

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko Medikuak elkarteko lehendakari da Yolanda Rodriguez Villegas, Nafarroan. Elkartea pozik dago Sanchezen gobernuak iragarritako erabakiarekin, baina hainbat neurri eskatu dizkio pertsona guztiek lehenbailehen izan dezaten osasun zerbitzuetara jotzeko eskubidea.

Nolakoa izan da paperik gabeko migratzaileen egoera urteotan?

Egoera ezberdinak izan dira lurraldearen arabera. Nafarroan, adibidez, ez zen indarrean sartu paperik gabeko migratzaileei osasun zerbitzua ukatzen zien 106/2012 errege dekretua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erakunde askok esfortzu handia egin bazuten ere, azkenean indarrean sartu zen.

Dekretu horren ondorioz, jende asko eta asko geratu da behar zituen tratamenduak jaso gabe. Pertsona horiek larrialdi zerbitzuetara jo behar izan dute familia medikuaren kontsultan senda zitezkeen gaitzak tratatzeko.

Horrez gain, botiken berrordainketan ere izan zuen eragina errege dekretu horrek. Oinarrizko botiken zerrenda bat osatu zuten, eta zerrenda horretatik kanpo geratu zirenak ordaindu behar izan dituzte, besteak beste, erretiratuek eta pentsiodunek.

Beraz, paperik gabeko migratzaileek larrialdi zerbitzuetara jo behar zuten kasu guztietan?

Hori da, bai. Hiru zerbitzu bakarrik zituzten bermatuta: larrialdi zerbitzuak, pediatria eta haurdun zeuden emakumeei arreta. Horrek, ordea, ez zuen inongo zentzurik; izan ere, askoz ere garestiagoak dira larrialdi zerbitzuak familia medikuaren zerbitzuak baino. Beraz, sistema merkatzeko neurri gisa aurkeztu zutena neurri arrazista eta xenofoboa besterik ez zen egiatan.

Lege aldaketa honek zer aldaketa ekartzea espero duzue?

Lehenik eta behin, aldaketak lehenbailehen igar daitezen nahi dugu. Sei asteko epe bat iragarri du Sanchezen gobernuak autonomia erkidegoekin negoziatzeko, eta gero 30 egun Kongresuan dekretua onartzeko. Gu orain galdegiten ari garena da lehenbailehen has daitezen pertsona orori osasun zerbitzua eskaintzen eta utz ditzaten administrazio lanak dekretua onartzen dutenerako. Has daitezela berriro ere osasun txartelak ematen, eta itzul diezaietela txartel hori bere garaian kendu zioten jendeari.

Horrez gain, botiken ordainketa partekatua ken dezaten nahi dugu, eta oinarrizko medikamentuen zerrenda berrikus dezaten. Zerrenda horretatik kanpo geratu ziren sendagai askok gaixotasun larriekin zuten zer ikusia; minbiziarekin, esaterako. Beste asko, aldiz, guztiz oinarrizkoak dira adineko pertsona askorentzat; adibidez, fardelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.