Beti bezain serio sartu da Sabin Etxeko prentsa areto nagusira. Patxadaz itxaron du atril aurrean, isilik, argazkilari eta kamerek irudiak hartzen amaitu arte hitzik esan gabe, zain, ohi denez. Serio mintzatu da krisi ekonomikoa dela-eta Europan itun ekonomiko orokor bat egin beharrari buruz, prestatuta zeukan idazkia hitzez hitz errepikatuta, horretarako paperei ia begiratu behar izanik gabe. Prestatuta zeukan idazkiaren ondoren kazetariek lehendakarigai izateko aukerari buruz galdetu diotenean ere ez du galdu zorroztasuna: «Errespetu osoz aurre egingo diot barne prozesuari, beti egin dudan bezala».
Uztailetik aurrera
Behin eta berriz errepikatu du uztailaren 5ean EAJk Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak aukeratzeko barne prozesua amaitu arte lehendakarigaia ez dela hautatuko eta, beraz, ezin duela hautagai gisa hitz egin; hori esan ondoren, lehendakari izatea nola biziko lukeen galdetuta, horri erantzutean atera zaio irribarretxoa. Hala bada orduan erantzungo duela adierazi duen arren, ezin izan du poza ezkutatu, ez hitzetan ez aurpegian: «Gaur egun, EAJren afiliatu gisa hitz egin dezaket, ez lehendakarigai gisa. Baina gauza bat esan dezaket: EAJren afiliatu gisa egon daitekeen ohorerik handiena EAJren EBBko presidentea izatea da, eta, afiliatu gisa ez ezik, euskal herritar gisa lehendakari izateko aukera izatea, lehendakari izatea da euskal herritar batek izan dezakeen ohorerik handiena; herri osoa ordezkatu ahal izatea».
Bere ustez lehendakariak nolakoa izan behar duen ere adierazi du Urkulluk, itxura guztien arabera EAJren lehendakarigai izango denak: «Pertsona konprometitua izan behar du. Egoeraz jakitun dena, eta herriarekiko zein egoerarekiko konprometitua dena».
«Goreneko duintasuna»
Adierazi du bera lehendakari balitz «jakina» dela «lanari ekingo» liokeela; «eta ez bakarrik egoera honetatik ateratzeko, baita gure aberriarentzat eta haren herritarrentzat ere; herria goreneko duintasuna lortzeko bidean jartzeko» lan egingo luke Urkullu lehendakariak, haren hitzetan. Azaldu du Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiari horixe esan diola. Ibarretxek zuzenean zoriondu zuela EBBk hautagai gisa proposatu zuenean, eta hark ere zuzenean eskertu ziola zoriondu izana.
Harro dago Urkullu EBBk bere hautagaitza aho batez onartu duelako: «Balio izugarria ematen diot». Baina beste behin alderdiaren barne prozesuarekiko «errespetua» adierazi, eta ohartarazi du afiliatuek oraindik beste hautagai batzuk proposatzeko aukera dutela. EAJk uztailaren 5ean egingo du lehendakarigaia, Legebiltzarreko presidentegaia eta legebiltzarkide izateko hautagaiak aukeratzeko batzarra. «Orduan esan ahalko dut zer dagokidan hartzea eta zer ez».
EAJren estatutuek bateraezin egiten dute alderdiko presidente kargua eta Jaurlaritzako lehendakari kargua pertsona beraren esku izatea. Ordezkoa beharko balu EAJk unea iristen denean erabakiko lukeela erantzun du berriz. «Oxala EAJren hautagaia lehendakari izendatzea! Niri dagokidanez, orduan hitz egingo genuke».
Hauteskundeen ondorengo akordioei dagokienez, ate guztiak irekita dauzka EAJk, alderdiko buruaren esanetan. Adierazi du jeltzaleek akordiorako prestasuna beti erakutsi dutela eta jarrera horri eusten diola.
PSE, PP zein Bildurekin berdin
PSE-EEk EAJrekin izandako harremanak «zapuztu» dituela azaldu du Urkulluk. EBBko presidentea sarri agertu da minduta PSE-EErekin gobernatzeko zein elkarlanean aritzeko jeltzaleek legealdi hasieratik egindako eskaintzen inguruan jasotako ezezkoengatik. Aurrez ere EAJ eta PSE-EEren arteko harremanak okertuta zeudela adierazi du Urkulluk: «Baina legegintzaldi honetan nabarmenagoa izan da».
Halere, harreman onak berreskuratuko diren esperantza azaldu du. Areago, elkarlanerako premia dagoela esan du, egungo krisi egoeratik «ahalik eta sendoen ateratzeko» guztien lana ezinbestekoa izango dela ohartarazita.
Gauzak horrela, PSE-EErekin akordioak egiteko aukera egon badagoela dio. «Eta ez sozialistekin soilik; PPrekin ere bai, baita Bildurekin ere». Guztien arteko elkar ulertzea behar-beharrezkoa izango dela adierazi du. Eta itunak egiteko aukera ez duela gobernatzeari begira soilik proposatzen. «Proposamen zehatzetan zein proiektu estrategikoetan ere jar daiteke ados». Esan du EAJk egun ere horrela jarduten duela, eta azaldu du PSE-EErekin, PPrekin zein Bildurekin akordioak dituela.
«Lehendakari izatea da herritar batentzat ohorerik handiena»
EBBk lehendakarigai proposatu ondoren egindako lehen agerraldian, Iñigo Urkulluk ohartarazi du oraindik ez dela hautagaiElkarlan premia dagoela-eta, EAJko burua itunak edonorekin egiteko prest agertu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu