"Eusko Legebiltzarraren borondatez eta zin egin ondoren, jabetu egiten naiz Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguaz, eta neure gain hartzen dut kargu hori. Eta baita lurralde honi dagokionez Estatuaren ordezkari arrunta izatearena. Koroari leialtasuna erakutsiz, eta Konstituzioari, Gernikako Estatutuari eta indarrean dauden gainerako legeei errespetua gordez beteko dut nire lana. Espero dut hasten ari garen legealdia bakeari eta elkarbizitzari dagokionez onuragarria izatea euskal gizartearentzat", esan du Ibarretxek Juntetxe barruan, kanpoan, arbolaren aurrean, zin-egitea bete ondoren.
Zin egiteko, berriz, "bere sinesmenari jarraituz eta berak hala erabakita" Jainkoaren izenean egitea erabaki du, eta moldaketa txiki batzuekin bada ere, Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako aurreneko lehendakariak erabili zuen formula errepikatuz. Zehazki, hitz hauen bidez egin du karguaren zina: "Jainkoaren aurrean apalik, eusko lur gainean zutunik, asaben gomutaz Gernikako arbolarenazpian, herri ordezkarion aitzinean, nire kargua ondo betetzea zin dagit", esan du Biblia eskutan.
Jende asko bildu da Gernikako Juntetxean, kargu-hartze ekitaldian. Han ziren legebiltzarkide gehienak —Ezker Abertzalea taldekoak falta ziren—, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Iñigo Lamarka EAEko Arartekoa, Andres Urrutia euskaltzainburua, Jordi Sevilla Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoko ministroa eta gizarte eta kultur arloko hainbat eragile.
Horrenbestez, Jaurlaritzako lehendakari da, hirugarrenez, Ibarretxe. Ostegunean aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak kargu hori betetzeko. EAJren, EAren, EBren eta Ezker Abertzalea taldeko bi legebiltzarkideren babesa jaso zuen (guztira 34 boto). Lehendakaritarako hautagaitza aurkeztu zuen Patxi Lopez sozialistak, berriz, 33 boto eskuratu zituen (PSEren 18 eta PPren 15). Aralarreko legebiltzarkide bakarrak txuri bozkatu zuen.
Jaurlaritza berria nortzuk osatuko duten bihar iragarriko du. Nolanahi ere, Gobernu koalizioko kide den EAk dagoeneko jakinarazi du nor izango diren berak hautatutako sailburuak: Joseba Azkarraga izango da berriro ere Justizia sailburu, Hezkuntzan Tontxu Camposek hartu du Anjeles Iztuetaren lekukoa, eta Ingurumenean Esther Larrañagak Sabin Intxaurrga ordezkatuko du.
Eusko Jaurlaritzaren osaketa / Inbestidura ondorena
Lehendakari karguaz jabetzeko hitzaldian bakea eta elkarbizitza izan ditu gogoan Ibarretxek
"Espero dut hasten ari garen legealdia bakeari eta elkarbizitzari dagokionez onuragarria izatea euskal gizartearentzat", esan du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak karguaz jabetzeko hitzaldian, Gernikako Juntetxean. Hain justu, esaldi horixe erantsi dio euskara hutsez egin duen mintzaldi protokolarioari. Aurretik, karguaren zina egin du Gernikako arbolaren aurrean. Hura ere euskara hutsean, eta berak hala erabakita, Jainkoaren izenean eta Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako aurreneko lehendakariak erabilitako formulari jarraituz. Bihar jakinaraziko du Ibarretxek Gobernu berria nortzuk osatuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu