Urtezahar gauean Patxi Lopezek emandako mezua baliatu dute indar politiko guztiek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak orain arte egindako lanari buruzko iritziaplazaratzeko. PSE-EE ez beste indar politiko guztien ustez, Lopezek agerian utzi du ez duela gaitasunik egungo errealitate politikoari eta ekonomikoari aurre egiteko. EAJren iritzian, legealdiarenak egin duela erakutsi du Lopezek. Ezker abertzalearentzat, «errealitate politiko eta sozialetik erabat aldendu eta bakarturik» dago Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Eta PPk faltan sumatu du «autokritikarako tarte bat» haren hitzaldian.
Urtezahar gauean EITBn emandako mezuan, Euskal Herriko gatazka politikoa eta krisialdi ekonomikoa izan zituen mintzagai Lopezek. Gatazka politikoari dagokionez, esan zuen euskal gizarteak duen egitekorik garrantzitsuena elkarbizitza sendotzea dela. «Egunez egun sendotu behar dugu hori, biktimei laguntza eman eta horrelakorik [indarkeriazko egoera] berriz gerta ez dadin bermatuko duten balioak finkatuz». Krisialdi ekonomikoari buruz, bere gobernuak «egoera zail horri» aurre egiteko hartu dituen neurriak azaldu zituen. «Euskadiko langabezia tasa Europako Batasuneko herri indartsuenen parean mantentzea lortu dugu», ondorioztatu zuen.
Lehendakariaren Urtezaharreko mezuek, baina, ez dute inor gustura utzi. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen ustez,«promozioko bideoa» egin zuen Lopezek. «Lehendakari baten mezua baino gehiago, hauteskunde kanpainako iragarkia zirudien». «Amaituta dagoen legegintzaldi baten ziurtagiria da», nabarmendu du Urkulluk. Lopezen «apaltasunik eza» kritikatu du, halaber, eta «besteei zereginak jartzea» aurpegiratu dio. Alderdi jeltzalearen buruzagiaren ustez, «lidergo handiagoa behar du Euskadik, elkarbizitzaren eta aro berriaren alde lan egiteko».
Ezker abertzalearen iritzian, berriz, «errealitate politikotik urrun eta bakartuta dagoela» erakutsi du Lopezek, eta «alde bakarreko irakurketa» egin izana kritikatu du. «Beste behin, lehendakariak interes handiagoa du bere kontakizun propioa helarazteko,ireki den aro berriari ekarpen positiboak egiteko baino», nabarmendu du ezker abertzaleak komunikabideetara bidalitako ohar batean.
Aralarrek ere «errealitatetik kanpo» ikusi du Lopez. Lehendakariaren «ezintasuna eta norabiderik eza» nabarmendu du Dani Maeztu legebiltzarkideak. «Herrialde honen bi erronka nagusiei aurre egin gabe jarraitzen du: bake iraunkorra lortzea eta krisi ekonomikoa gainditzea».
EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, berriz, «ausardia falta» leporatu dio Lopezi. Uste du lehendakariak gatazka politikoari eginiko aipamenak «oso eskasak» izan direla. «ETA ez dagoen garai honetan arazo politikorik ez dagoela eman nahi du aditzera, nahiz eta badakien arazo politikoak indar handiagoa duela ETAren indarkeria ez dagoen garai honetan».
Urizarrentzat, gainera, Lopezen agerraldiak agerian utzi du agintaldia «amortizatua» dagoela. «Badirudi hauteskundeetara noiz deituko zain dagoela».
Antzeko iritzia plazaratu du Ezker Batuak. Jose Navas bozeramaileak uste du aurtengoa Lopezen «azken gabon mezua» izan daitekeela, «ETA amaitu eta gero Euskadin eratu den mapa politikoaren ondorioz». Hori horrela, udaberrian edo udazkenean hauteskundeetara deitzeko eskatu dio.
«PPren babesari esker»
EAEko PPren presidente Antonio Basagotik, berriz, Lopezen hitzaldiaren pasarte batzuk txalotu egin ditu, eta beste batzuk kritikatu. «Hainbat egia esan ditu, baina autokritika gutxi egin du».
Krisialdiari aurre egiteko neurriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak PPren babesa izan duela nabarmendu du Basagoitik. «Ez gaude hain gaizki PPk babestu dituen aurrekontuei esker».
Kritikak, bereziki, euskal gatazkari buruzkoak izan dira. Espetxe politika malgutzearen alde azken asteetan Lopezek eginiko adierazpenak salatu ditu Basagoitik. «ETA oraindik ez da desagertu, eta desegitea lortu arte, armak uztea lortu arte estutu behar ditugu».
UPDko Gorka Maneirok ere nabarmendu du «talde terroristaren proiektuak bizirik» jarraitzen duela. Hori amaitu arte lehendakariak «gutxiago hitz egin eta lan gehiago egin» behar duela esan du.
Lopezen hitzaldia «osorik» txalotu duen bakarra PSE-EE izan da. Jose Antonio Pastor bozeramailearentzat, «errealitateari lotutako mezua» eman zuen Lopezek. «Gobernatzen ari den herrialdea ongi ezagutzen duen lehendakari baten mezua izan da». Euskal herritarren «kezkak» zeintzuk diren ondo zehaztu duLopezek, Pastorren ustez.
Lehendakaria, planotik kanpo
PSE-EEk ez beste indar politiko guztiek kritikatu egin dute Lopezen Urtezahar gaueko hitzaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu