Lehenengoz, ez da txupinera ofizialik egongo

Bilboko Udalak epaia errespetatu egingo du, eta konpartsek ez dute ordezko txupinerarik izendatu nahi izan

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiaren historian lehenbiziko aldiz ez da txupinerarik egongo. Ez, behintzat, ofizialik. Bilboko Administrazio Auzitegiak berretsi egin zuen atzo abuztuaren 9an hartu zuen erabakia, eta jakinarazi zuen Jone Artolari txupinazoa jaurtitzeko debekua mantendu egingo duela, behin-behineko neurri gisa. Bilboko jarduneko alkate Ibon Aresok esandakoaren arabera, «udalak bete egingo du epaia», nahiz eta onartu Artolaren izendapena egokitzat hartu zutela. «Txupinazoa izango da, baina txupinerarik ez. Konpartsek ez dute ordezko txupinerarik izendatu nahi izan, eta egunotan bilduko dira udala eta jai batzordea larunbateko txupinazoa nola botako den erabakitzeko», azaldu zuen Aresok.

Atzo goizean jakin zen epailearen erabakia, eta arratsaldean bildu ziren Bilboko konpartsen elkartea eta udala, zer egin erabakitzeko. Udalak hitz egin zuen arren, konpartsek ez zuten adierazpenik egin bileraren ostean. Oraindik ez da jakina, beraz, zer gertatuko den larunbatean.

Bilboko jaiei Artolak emango balie hasiera «biktimak iraindu» egingo liratekeela uste du epaileak, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak ezarri zuen errekurtsoaren harira. Bi ideia bereizi ditu epaileak autoan. Batetik, «terrorismoaren biktimen interesek babes espeziala» behar dutela. Bigarrenik, onartzen du txupineroa zilegitasunez aukeratua izan zela, baina dio biktima horien errekonozimenduak eta babesak lehentasuna dutela horren gainean. Etxerat-eko kide izatea, EAE-ANVren eta Euskal Herritarrok-en zerrendetan azaltzea eta neba euskal presoa izatea hartu ditu kontuan epaileak, besteak beste.

Bilboko konpartsek hautatzen dute urtero txupinazoa nork botako duen, udaleko festa batzordearen onespenarekin. Bilboko konpartsen elkarteak atzo goizean egin zituen adierazpenetan zioen Jone Artola ez den beste txupinerarik ez dutela onartuko.

Ondarroan ere debekua

Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzi Aitziber Ibarriagak ere antzeko mezua zabaldu zuen goizean. «Onartezin» moduan definitu zuen epailearen erabakia, eta ziurtatu zuen Jone Artola izango dela Aste Nagusiko txupinera. Arratsaldean, berriz, udaleko eta festa batzordeko ordezkariak bildu eta gero, polemika PPren ardura zela azpimarratu zuen: «Lagun dituen epaileen bidez irabazi nahi izan du hautestontziekin lortu ez duen indarra».

EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzarrek, bestalde, festak «politizatu» nahi izana egotzi zion Urkijori: «Polemika artifiziala sortu baino ez du egin nahi, alderdi popularrak burua atera dezan».

Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, debekatu egin zituen atzo Ondarroako jaietako ekitaldi batzuk, «terrorismoa goratu» egiten zutela eta. Amnistia Eguna zen ospatzekoa, hain zuzen, atzo Ondarroan, baina Pablo Ruz epaileak bertan behera utzi zituen antolatutako ekinbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.